ELKARRIZKETA

«Laboral Kutxara joatea sekulako aukera zen eta ez nuen zalantzarik izan»

Imanol Garcia Landa 2022ko urr. 12a, 19:59

Argazkia: MARKEL BAZANBIDE

«Gorabeheratsua» izan da Unai Zubeldia ibartarrarentzat bere lehen urtea afizionatu mailan, eroriko batek baldintzatu baitio bere maila ematea; datorren denboraldian maila hobetzea du helburu nagusia.

Afizionatu mailan lehen urtea egin du Unai Zubeldia (Ibarra, 2003) txirrindulariak Laboral Kutxa taldean. Maila horretan urtez urte luzatzen da hitzarmena, eta datorren urtean ere taldean jarraituko du.

Zer suposatu zuen Laboral Kutxa taldearen deia jasotzeak?

Jubeniletan zorionez gauzak ondo atera ziren, eta Laboral Kutxara joateko aukera izan nuen, Euskal Herrian dagoen talderik indartsuena. Sekulako aukera zen niretzako eta ez nuen zalantzarik izan.

Aurreko ibilbidea Oriako taldean egin zenuen.

Bai, alebinetatik izan naiz bertan. Nolabait esateko, bertan hezi egin gaituzte, izugarri ondo tratatu gaituzte. Bai Aitor [Aiertza] eta bai Abraham [Olano], eta beste jende pila bat ere, sekulako lana egiten ari dira hor.

Esan duzun moduan, jubenilen azken urtea oso ondo joan zitzaizun.

Bai, pauso bat eman nuen, eta lasterketak lehiatzen joan nintzen. Gipuzkoako Itzulia eta Euskal Herria Txapelketa irabazi nituen, eta oso ondo joan zen urtea.

Beraz, espero zenuen afizionatu mailako talderen baten eskaintza izatea.

Aurreko urtera arte hobbya zen, eta ikusi nuen zerbait serioagoa bihurtu zitekeela. Nahiko eskaintza jaso nituen, baina garbi nuen Laboral Kutxa zela nik nahi nuen taldea.

Bertan lehen urtea egin ondoren, nolakoa izan da?

Gorabeheratsua. Oso ondo hasi nuen, indartsu nengoen denboraldi hasierako lasterketetan, baina Colindresen eroriko bat izan nuen, eta horrek ia udaberri guztia nire mailaren behetik utzi ninduen. Gero ekainean jarri nintzen berriro sasoian, Giroan parte hartzeko aukera izan nuen eta sekulako esperientzia izan zen niretzako. Udan pixka bat nekatuta egon nintzen, baina denboraldia berriro indartsu bukatu dut.

Gazteen Giroan parte hartu zenuen. Hemen izaten diren lasterketekin alderatuta, beste maila bateko proba da.

Giroa baino pare bat aste lehenago, Laboral Kutxak aukera eman zigun Italiako klasiko batzuk korritzeko, eta dagoeneko hor ikusi genuen ezberdintasuna. Gu ohituta geunden tropelak ez zuen batere zerikusirik nazioarteko tropelarekin: erritmoa askoz altuagoa da, zelaian-eta beste puntu bat dute, eta mendian beste hainbeste. Gainera, etapak askoz luzeagoak dira eta hor gure gabeziak nabaritu ziren. Baina ikasteko sekulakoa izan zen.

Giroan 20 urtez azpikoen maillota janzteko aukera izan zenuen, podiumera igoz.

Bai, momentu berezia izan zen. Giroan talde ona genuen, eta ni laguntzaile rolarekin joan nintzen, baina banekien aukera izan nezakeela gazteen maillota janzteko; nire aukerak aprobetxatu nituen, taldeari laguntzen nion bitartean, eta sari txiki hori jaso nuen.

Argazkia: Markel Bazanbide.

Bestela, emaitza aldetik zer nabarmenduko zenuke?

Aurten ez dut maila izan lasterketak lehiatzeko. Taldean laguntzen eta ihesaldietan sartzen aritu naiz. Bai lortu dudala lehen hamar sailkatuen artean sartzea, eta Colindresen bigarren egin nuen, baina ez daude nabarmentzeko postu asko.

Denboraldian zure maila erakusteko gai izanez gero, beste postu batzuk lortuko al zenituzkeen?

Lehenengo urtekoa izanda, oso zaila da lasterketak irabaztea edo behintzat oso aurrean egotea. Baina denboraldi hasieran izandako maila urte guztian izan banu, probabilitateagatik izango ziren aukerak podiumak-eta lortzeko.

Zer alde nabarmenduko zenuke jubeniletatik afizionatu mailara pasatzean?

Alde handienetako bat lasterketak luzeagoak direla da. Ni horretara ondo ohitu naiz, baina bai nabaritu dudala batez besteko maila askoz altuagoa dela. Jubeniletatik zatoz mundua jateko gogoarekin, baina gero zaharragoen aurka lehiatzea ez da batere erraza. Kontziente izan behar gara hor dagoen alde horretaz, eta pixkana tarte hori murrizten joan.

Entrenamenduetan ere nabaritu duzu aldea?

Berez askoz metodikoagoak eta profesionalagoak izan behar dute, baina ni aldi berean unibertsitatera joaten naiz, eta ezin dut egon erabat txirrindularitzan zentratuta. Nire aldetik ez da asko aldatu jubeniletatik.

Zure kasa entrenatzen duzu, edo taldean?

Egin ditugu taldeko entrenamendu batzuk, batez ere negu sasoian, baina gero asteko errutinan bakoitzak ahal duen bezala egiten du. Bakoitza bere herrian bizi da, eta norberak bere herriko lagunekin taldetxoa egiten du.

Zure Twitter kontuan denboraldiko laburpen bat zabaldu duzu, hari bat sortuz. Besteak beste, lehiaketako egunak 50 izan direla, 5.800 kilometrotik gora eginez, eta entrenamenduetan 229 egun eta ia 15.000 kilometro eginez.

Gure artean oso normalizatuta dauden zenbakiak dira; tropelean ez da inor harrituko horiekin. Baina mundu honetan hain sartuta ez dagoen jendeari harritu egiten dio. Klaseko jendeak beti esan dit kilometro asko direla, eta Twitterren zabaltzea polita litzatekeela.

Zer beste datu nabarmenduko zenuke?

Lasterketa egunak asko direla, eta oso kontzentratuta izan direla.

Zein da zuretzat denboraldiko momenturik bereziena?

Colindreseko lasterketa. Talde bezala oso ondo korritu genuen, lehenengo, bigarren, hirugarren eta bosgarren geratu ginen, eta hor oso ondo pasatu genuen.

Ez da, beraz, bakarrik garrantzitsua norberak lortutakoa.

Taldekide batek irabaztea, garaipen horretan zuk aletxoa jarri duzunean, oso polita da. Norbere garaipenak baino poz gehiago ematen du horrek askotan.

Beti emaitzak begiratzen ditugu, baina lasterketetan zehar lan asko eta ezberdinak egiten dira.

Bai, hala da. Eta ni zentzu horretan oso gustura aritzen naiz lanean, eta poz handia ematen du gero taldekideak errematatzen duenean.

Nola definituko zinateke txirrindulari moduan?

Batez bestekoa baino altuagoa eta pisutsuagoa naiz, badaukat indar hori eta zelaian oso ondo moldatzen naiz. Baina uste dut nire pisurako oso ondo moldatzen naizela igoeretan, beraz, osoa naizela esango nuke.

Datorren urtean Laboral Kutxa taldean jarraituko duzu?

Bai, gure kasuan urtez urte egiten dira hitzarmenak, eta ni taldean oso gustura nago. Giza talde oso ona dugu inguruan, bai talde teknikoa eta bai taldekideak ere.

Eta datorren urterako zer helburu duzu? Probaren bat irabaztea edo behintzat lehen postuetan egotea?

Emaitza horiek beti izaten dute ausazko faktore bat, beraz helburua da mailari dagokionez puntutxo bat igotzea, eta emaitzak etortzen badira gustura hartuko ditugu.

Etorkizunera begira profesional izatea da helburua?

Euskaltelen debutatzea amets bat da, baina pixkana joan behar da: ikasketak aurrera atera, eta iritsi behar bada une hori, iritsiko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!