Elkarrizketa

«Play-offetako postuetan egotea ezinbestekoa ikusten dugu»

Imanol Garcia Landa 2022ko ira. 29a, 11:59

Argazkia: ENERITZ RODRIGO

Ligako bi partida jokatu ditu dagoeneko 2. B mailan ari den areto futboleko Lauburu Ibarra taldeak, eta bietan berdinketa lortu du. Alvaro Alonso (Tolosa, 2001) da taldeko jokalarietako bat. Zortzigarren urtea hasi du klubean, eta hasi berri dena bere hirugarrena da lehen taldean.

Oraingoz bi partida eta bi berdinketa.

Denboraldi hasiera ez da izan guk nahi genuen bezalakoa. Sei puntutik bi lortu ditugu, baina partiden zailtasuna ikusita, esan dezakegu bi puntu hauek ez direla txarrak. Denboraldia luzea da eta txapelketako bi partida izan dira.

Jokoaren aldetik nola izan dira bi partida horiek?

Guk gure jokoa egin dugu, eta nabarmentzekoa da bi partidetan guk eraman dugula jokoaren pisua. Nahiko ondo egin ditugu gauzak, baina azken xehetasunengatik puntuak joan zaizkigu. entrenatzailea pozik dago; denboraldiaurrea nahiko ona egin dugu, gogorra izan da, eta ikusi da lehen bi partidetan gure jokoa. Alde horretatik, taldea zein entrenatzailea nahiko pozik gaude.

Asteburu honetan hirugarren partida izango duzue, Colo Colo taldearen aurka, etxetik kanpo.

Aurkari zaila da hau ere. Zaragozako taldea da, eta bertako taldeen aurkako partidak nahiko zailak izaten dira, talde horiek normalean zona-defentsa egiten baitute. Aste hau gogoz ari gara prestatzen, beraien defendatzeko modua landuz, eta ea hiru puntuak etxera ekartzen ditugun. Aurreko denboraldian ere izan genituen zenbait partida Zaragozako taldeen aurka eta saiatuko gara partida ahal dugun ondoen prestatzen.

Zer helburu du Lauburu Ibarrak denboraldi honetarako?

Aurreko denboraldiko blokea mantendu dugula ikusita, ia talde guztia berdina baita, play-offeko postuetan egotea ezinbestekoa ikusten dugu. Badakigu zaila dela, talde asko baitaude gure helburu berarekin, baina guretzat ezinbestekoa da lehen lau postu horien artean sartzea.

2. B mailan, ordea, talde indartsu asko izaten dira. Inor ez da aurkari erraza izaten.

Betiko taldeak goi aldean izaten dira: San Juan, Zierbena, Anaitasuna, Otxartabe, Pinseque... Horien aurka ahalik eta akats gutxien egin behar ditugu, eta ahal ditugun puntu gehienak lortu. Partida horiek dira azkenean politenak, horien aurka irabazita lortzen baituzu aldea. Talde guztiak oso maila handikoak dira, eta esan behar da ere etxetik kanpo jokatzen diren partidak oso zailak direla. Aurreko denboraldian etxetik kanpo puntuak lortzea asko kostatu zitzaigun.

Aurreko denboraldia ez zen joan espero bezala, mailaz jaisteko zorian egon baitzen taldea.

Argi dago gauzak ez zirela espero bezala atera. Mailaz jaisteko arriskuan egon ginen azken jardunaldira arte, eta poztu ginen maila salbatu genuelako, baina egindako esfortzu guztiaren ondoren, gauza batengatik edo beste batengatik ez ziren nahi genituen emaitzak ateratzen. Lehen esandakoa, etxetik kanpo oso zaila da maila honetan irabaztea, eta guri etxetik kanpo asko kostatu zitzaigun puntuak lortzea. Gainera, denboraldi bukaerara lesio askorekin iritsi ginen, eta horrek asko baldintzatu zigun. Maila salbatu ahal izan genuen, eta oraingoa beste denboraldi bat da, eta gure helburua izan behar du goran egotea, nahiz eta aurreko denboraldian ez genuen hori lortu.

Zenbat aldaketa izan dira taldean?

Bi jokalarik utzi zuten taldea, tartean atezainetako bat. Aurten hiru jokalari berri daude, tartean atezainetako bat. Eta, aurreko denboraldian bezala, jubenilen lanak ere laguntzen digu entrenamenduetan, beraiek ere pixkana minutu gehiago jokatzen dute, eta horrela talde osatuago bat egiten dugu. Izaten diren lesioekin-eta, oso zaila izango litzateke jubenilen parte hartzerik gabe entrenamenduak behar bezala egitea. Eskertzen da beraien lana.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!