Piperrik ez da faltako igandeko azokan, Ibarran

Irati Saizar Artola 2022ko irailaren 15a

Igande honetan egingo dute Ibarrako XXII. Azoka; Emeterio Arrese parkean eta inguruetan jarriko dituzte postuak eta lehiaketak ere bueltatuko dira.

Hauspoa elkarteko kideak buru-belarri dabiltza igande honetan ospatuko den Ibarrako XXII. Azoka prestatzen. Pandemiatik bueltan, "txikitik hastea" pentsatu dutela esan du Ixiar Arratibel Hauspoa elkarteko kideak, eta horregatik jarriko dute aurten ere gune bakarra, Emeterio Arrese parkean eta inguruetan. Ohiturari eutsiz, artisauak, elikagaiak eta erakusketak izango dira postuz postu, eta Ibarrako Piperraren XVI. Lehiaketa Gastronomikoa eta Tolosaldeko XXIV. Ezti Lehiaketa egingo dira goizean zehar.  

10:00etan jarri dute hitzordua azokari hasiera emateko. Denera 34 postu inguru jarriko dituzte, "gehienak eskualdekoak". Aurten, ganadurik ez da izango. Tartean, Uzturpe ikastolakoek taloak egingo dituzte, DBH 4ko ikasleek ikasturte amaieran egingo duten bidaiaren gastuak apaltzeko. Eta postu horren ondoren Ibarrako Izaskun auzoko Insalus baserrikoek sagardoa eskainiko dute. 

Bi lehiaketa

Ibarrako azokan protagonistarik bada, piperrak behar du izan ezinbestean. Eta horrekin lotuta antolatu du Xepla elkarteak, hamaseigarrenez, Ibarrako Piperraren Lehiaketa Gastronomikoa, "Ibarrako piperra ezagutu eta zabaltzeko asmoz". Parte hartzaile bakoitzak bi mokadu aurkeztu beharko ditu: batetik, Ibarrako piperraz egindako sei pintxo, hotzak zein beroak eta denak berdinak. Nahi diren osagaiak erantsi ahal izango zaizkio. Eta bestetik, Ibarrako piperra daramaten zortzi gilda, ozpinez ondutako piperrekin, txotxean sartuta. 

Arratibelek azaldu du, normalean elkarteek hartzen dutela parte, binaka, baina norbanakoek zein tabernek ere aurkezten dituztela pintxoak eta gildak. "Piperrak antolatzaileok jartzen ditugu, eta beraiek dira azken ukituak ematen dituztenak". Denera 20 bikote lehiatuko dira, eta behin egin beharrekoak amaituta epaimahaiaren esku geratuko da gainerakoa. Honako sukaldari hauek izango dira dastaketa egin eta puntuazioa jarriko dutenak: Sonia Tapia Fronton kafetegitik, Matias Gorrotxategi Julian erretegitik, Roberto Ruiz Hika txakolindegitik eta Adur Arrieta Hondarribiko Tatapas gastrotekatik. 

Lehiaketaren inguruan, piperrak dastatzeko eta erosteko postua ere jartzen dute azokan: piper freskoa, frijitua eta ozpinez ondutakoak eskaintzen dituzte. Eta horri guztiari laguntzeko taberna zerbitzua ere eskaintzen dute.

Bestalde, Gipuzkoako Erlezain Elkarteak antolatuta, Tolosaldeko XXIV. Ezti Lehiaketa ere egingo dute goizean zehar. Tolosaldeko erlezainek aukera daukate beraien eztia aurkezteko, eta lehen bi sariak eskuratzen dituztenek Gipuzkoako Ezti Lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute. Bide batez, Gipuzkoako Erlezain Elkarteak erakusketa bat jarriko du. 

Horrez gain, Kilometroen atarian, bola txapelketa antolatu dute ikastolakoek. San Inazio auzoan izango dira, 11:00etatik 12:30era. Helduek 5 euro ordaindu beharko dute, eta 2 euro 18 urtez azpikoek. Bola jaurtitzen duten guztien artean sariak zozkatuko dituzte.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!