Ruben Ruzafa eta Enara Oronoz izan dira irabazleak

Imanol Garcia Landa 2022ko irailaren 10a

Ibarrako Piparra XII. Mendi Duatloia irabazi dute. Guztira ia 60 parte hartzaile inguru izan dira proba luzean, tartean erreleboka egin duten 11 bikote.

Ruzafak eta Oronozek nagusitasunez irabazi dute. Ruzafaren gertu izan da gizonezkoen bigarren sailkatua, Paul Bereziartua, eta bizikletarekin egindako lehen itzulia aurretik bukatu du, baina bigarren itzulian Ruzafak aldea hartu eta korrikako azken zatian aise mantendu du. Eskualdeko lehen sailkatua eta hirugarrena sailkapen orokorrean Eneko Gurrutxaga amasarra izan da. Oronozek korrikako lehen bi itzulietan aurre hartu eta tartea handitzen joan da proban zehar. Bigarren eta hirugarren Nekane Pradera eta Ainhoa Usandizaga izan dira. Bikoteka Gari Arizmendi eta Ander Amonarriz hernaniarrak izan dira irabazleak.

Proba herrikoia ere egin da, motzagoa, eta bertan Jurgi Plazaola tolosarra eta Ainhoa Lopez debarra izan dira irabazleak. Bikoteka Eki Jauregi eta Manex De Dios ibartarrak izan dira aurrenak.

Eneko Gurrutxaga amasarrak azaldu duenez, "aurreko mendi duatloian, Igantzin, ez nintzen oso gustura geratu, eta gaurkoan gusturago bukatu dut, nirea eman dut. Aurreko biak indartsuagoak izan dira eta gustura nago nire emaitzarekin". Korrikako lehen zatitik laugarren atera da Gurrutxaga, eta bizikletako lehen itzulian indarrak gorde eta bigarrengoan dena eman du, hirugarren postua eskuratuz. Abantaila nahikorekin iritsi da korrikako azken zatira postu hori mantentzeko.

Enara Oronozek hirugarren aldiz parte hartu du Ibarran eta hiruretan irabazi du. Euskal Herriko Mendi Duatloi zirkuitua egiteko asmoa du: "Disfrutatzera joango naiz proba bakoitzean, ahal dudan guztia ematera, eta irabazteko aukera badaukat, askoz hobeto". Hasieratik bere erritmoa ezarri duela azaldu du iruñarrak eta eroso joan dela. "Bizikletan gehiago sufritu dut, baina azken zatian, korrika, berriz nire erritmoa hartu eta lasai egiteko aukera izan dut".

Horrela izan da proba luzeko sailkapena:

1. Ruben Ruzafa              1.13.45
2. Paul Bereziartua         1.17.55
3. Eneko Gurrutxaga      1.19.46

1. Enara Oronoz             1.39.07
2. Nekane Pradera         1.48.49
3. Ainhoa Usandizaga   1.52.54

1. Gari Arizmendi eta Ander Amonarriz   1.16.56
2. Uxer Mozo eta Jokin Ascaray                 1.18.50
3. Peru Elosegi eta Omar Armendaritz     1.20.37

Erlazionatuak

Ibarrako Mendi Duatloiaren irudi gehiago

Imanol Garcia Landa 2022 ira 10 Ibarra

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!