Ibarrako mendi duatloia, larunbat arratsaldean

Imanol Garcia Landa 2022ko irailaren 8a

Ibarrako Piparra XII. Mendi Duatloia izango da jokoan larunbat honetan. Ohi bezala, bi aukera izango dituzte kirolariek parte hartzeko. Batetik, proba herrikoia; bestetik, proba luzea edo ohikoa. Biak aterako dira plazatik. Herrikoia 16:20ean hasiko da eta 14 urtetik gorakoek parte hartu ahalko dute. 16:30ean hasiko da proba luzea, eta 16 urte beteta izan beharko dute parte hartzaileek.

Kirolprobak.com webgunean eman daiteke izena, edota egun berean aukera izango da lekurik badago. Antolakuntzatik eskualdeko kirolariak animatu dituzte parte hartzera. «Aukeratu dezakete herrikoian parte hartzea, edo baita bikoteka ere», zehaztu du Juan Zubia antolakuntzako kideak. «Gustatuko litzaiguke Tolosaldeko kirolari gehiagok parte hartzea mendi duatloietan, eta horretara animatzen ditugu. Gainera, iazkoak baino arinagoak jarri ditugu».

Herrikoian lehen zatian 2,4 kilometro egingo dituzte korrika, bigarrenean 6,5 kilometro bizikletaz, eta hirugarrenean 1,8 kilometro korrika. Luzean, 4,7 kilometro korrika hasieran, gero 17 kilometro bizikletaz, eta bukatzeko 2,4 kilometro korrika. Iazkotik zerbait leundu da ibilbidea eta herrikoian, adibidez, Zazpi Bideetako ohiko itzulia egingo dute eta aldapa gogor bat behin bakarrik egingo dute. Bi probetan bikoteka parte hartu daiteke, hau da, bikoteko partaide batek korrikako bi zatiak egingo lituzke eta beste partaideak bizikletarena. Proben amaieran, piperra biltzeko garaia denez, parte hartzaileei frijitutako piperrak jateko aukera eskainiko diete.

Haurrek ere aukera izango dute mendi duatloian parte hartzeko. Goizean izango da beraientzako proba, 11:00etan hasita, eta 8 eta 13 urte bitartekoek parte hartu ahalko dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!