Elkarrizketa

«Epaileak txistua jo zuenean ez nuen sinesten irabazi egin genuela»

Imanol Garcia Landa 2022ko ira. 8a, 11:59

Munduko txapelduna izan berri da Izarne Sarasola futbolari ibartarra eta oraindik barneratzen ari da lortutakoa. Realaren lehen taldean dago eta ligari hasiera larunbatean emango diote.

Urte oso berezia izaten ari da Izarne Sarasola (Ibarra, 2002) futbolariarentzat. Aurreko denboraldian Realeko lehen taldean lekua lortu ondoren, bi urterako hitzarmena sinatu zuen. Orain, udaran, 20 urtez azpiko Munduko Txapelketa irabazi du Espainiako selekzioarekin.

Zure ametsetako bat Munduko Txapelketa irabaztea zen, eta lortu duzu.

Bai, hala da, lortu dugu. Denboraldian zehar izan gara Munduko Txapelketa prestatzen, baina ez nekien joango ote nintzen. Hogeitik gora jokalari hartzen dituzte probatzeko eta azkenean aukera izan nuen joateko. Pribilegiatua sentitzen naiz bizi izan dudalako. Oso pozik nire ametsa egi bihurtzeagatik.

Nola bizitu zenuen txapelketa?

Ez nintzen titularra, baina partidaren batean izan nuen aukera ere titular moduan ateratzeko. Gero, beste partidetan hamar edo hamabost minutu jokatzeko aukera izan nuen. Nik uste dut egin dudana ondo egin dudala, parte hartu dudala, eta gustura nago egindakoarekin.

Finalean bertan parte hartu zenuen. Nola duzu gogoan txapelketa irabazteko unea?

Justu 80. minutuan atera nintzen, eta oso urduri nengoen, partida tentsio handiarekin baitzegoen. Beraiek erasoan ari ziren, eta entrenatzaileak ni atera ninduen gehiago defendatzeko. Epaileak txistua jo zuenean ez nuen sinesten irabazi egin genuela... Ez dakit nola azaldu momentu hori.

Orain beste zer amets lortzea etortzen zaizu burura? Agian Realarekin Txapeldunen Liga irabaztea?

Oxala! Baina aurkari zaila tokatu zaigu atarikoan, Bayern Munich. Dakigun bezala jokatzen eta kanporaketa irabazten saiatuko gara. Aurrena Anoetan jokatzen dugu eta gero Alemanian. Kanporaketa irabaziz gero multzo fasean ariko ginateke, eta hor partida gehiago jokatuko genituzke.

Denboraldi honetan dagoeneko lehen titulua eskuratu duzue, Euskal Herriko Kopa.

Bai, niretzako dena oso azkar gertatu da. Aurreko asteazkenean itzuli nintzen Munduko Txapelketatik, eta igandean izan genuen finala Alavesen aurka. Ordu erdi inguru jokatu nuen, taldearekin erritmoa hartzen joateko. Lehen zatian gehiago kostatu zitzaigun, zelaiak ere ez zuelako asko laguntzen, eta banakoarekin bukatu genuen. Baina gero bigarren zatian askoz hobeto atera ginen, eta hiru gol egin genituen.

Orain gutxi hasi zara, beraz, Realarekin denboraldiaurrean.

Orain pixka bat egokitzea tokatzen zait, jokatzeko modua ez delako guztiz berdina. Behintzat Euskal Herriko Kopako finalaren zati bat jokatzeko aukera izan nuen, eta larunbatean liga hasten dugu.

Hain justu, ligari begira, aurreko denboraldian lortutako bigarren postua errepikatzeko aukera ikusten duzu?

Asmoa bada berdintzea, hori gainditzea oso zaila izango delako. Taldea ondo ikusten dut, eta ea larunbatean Atletico Madrilen aurka nola hasten dugun liga. Aurkari zaila izango da, zuzena, baina uste dut ondo prestatuta gaudela eta ea hiru puntuak etxera ekartzen ditugun.

Denboraldi honetan 14 zenbakia izango duzu.

Bai, lehen taldeko fitxa izatera pasa naizenean, zenbakia aukeratzeko aukera izan dut, eta 14a aukeratu dut.

Zer dela-eta zenbaki hori?

Besterik gabe, gustatzen zaidalako. Nire gustukoena 3a da, baina hori ez zegoen libre.

Aurreko denboraldian zure postuan, defentsako ezker hegalean, zegoen jokalaria Barçara joan da. Aukera izango duzu titular izateko?

Beste jokalari bat ekarri dute taldera, Alejandra Bernabe, justu Atletico Madriletik utzita, eta berarekin izango dut lehia posturako, baina ahal dudana egingo dut.

Ez dizute esan, beraz, zein izango den titularra.

Ez, ez dakit. Lehiaketa asko daude, astean zehar ere izango ditugu, eta ikusiko da. Txapeldunen Liga izango dugu, Erreginaren Kopa ere bai, eta aurten Superkopa jokatzeko aukera ere izango dugu. Beraz, aukerak izango dira batean edo bestean aritzeko.

Nola begiratzen diozu denboraldi berriari?

Nik aukera dudan guztietan ahal dudan ondoen jokatzeko asmoa dut, eta ea postua lortzen dudan.

Azken urtea dagoeneko berezia izan da zuretzat: lehen taldean lekua egin, Txapeldunen Ligarako sailkatu, Munduko Txapelketa irabazi...

Bai, oraindik amestu eta dena egiten dut han gaudela, oraindik ez dut sinesten Munduko Txapelketa irabazi izana, baina denborarekin joango gara barneratzen.

Aurreko astean egin zizuten omenaldia herrian, munduko txapeldun izateagatik. Nola duzu gogoan?

Ez nuen batere espero, eta oso eskertuta nago, bai nire kuadrillakoek egin duten guztiagatik, eta baita bertan egon ziren guztiei. Eskerrak eman ibartar guztiei emandako babes eta animoengatik, eta esan oso harro nagoela ibartarra izateaz. Ea lorpen gehiago eskuratzeko aukera izaten dudan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!