Omenaldi beroa egin diote herrian Izarne Sarasolari

Imanol Garcia Landa 2022ko irailaren 1a

Ez zuen espero futbolari ibartarrak horrelako harrera izatea herrian, 20 urtez azpiko Munduko Txapelketa irabazi eta gero.

Izarne Sarasolak atzo gaualdera jaso zuen omenaldia herriko plazan. 200 pertsona inguru elkartu ziren bertan, senide eta herritarren artean. Kuadrillakoek prestatutako omenaldia izan zen, udalaren laguntzarekin. "Ez nuen batere espero omenaldia jasotzea", azaldu zuen Sarasolak ekitaldia eta gero. "Lagunekin nengoen eta plazara iritsi eta dena beteta ikusteak sekulako ilusio egin dit. Oraindik urduri nago. Eskerrak eman gerturatu diren senide, lagun eta ibartar guztiei; beraien babesa ezinbestekoa izan da eta da ibilbide osoan".

Kotxez plazaraino eraman zuten Sarasola, eta bertan, jendearen txalo zaparrada jasotzen zuela, bere gurasoek txapela jantzi eta lore sorta eman zioten. Ondoren bertsoa abestu zioten, eta bere lagunek idatzi bat irakurri zioten. Azkenik, bideo baten bitartez, hainbat lagun eta futbol jokalarik zoriondu zuten Sarasola bere lorpenarengatik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!