Ibarrako jaiak 2022

Bolitarrak taldea txapeldun, Ibarrako I. Boleibol Txapelketan

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko abu. 26a, 20:40

Ibarrako San Bartolome jaietan, I. Boleibol Txapelketako azken faseko partidak jokatu dituzte plazan; Bolitarrak taldea izan da garailea, finalean Isidoro team taldeari bi setetan irabazi ondoren. Jendetza bildu da plazan, partidak ikusteko.

Soka-tirarekin eta areto futbolarekin nahikoa ez, eta orain beste kirol modalitate bat praktikatzen hasi dira Ibarran: belar gaineko boleibola. Aurten, gainera, lehen aldiz txapelketa herrikoia antolatu, eta festekin batera uztartu dute, eta gaur, plazara eraman dute kantxa. Izan ere, uztailan zehar sailkatze faseko partidak jokatu zituzten zenbait taldek, eta gaur, fase horretako lau talde onenak elkartu dira plazan: Bolitarrak, Isidoro team, Delur voley eta Skibilariak.

Lehen finalerdian, Isidoro team eta Delur voley taldeak aritu dira elkarren aurka. Hiru setetan erabaki da norgehiagoka, eta Isidoro team taldeak irabazi du. Bolitarrak taldeak eskuratu du finalerako bigarren txartela, Skibilariak taldeari irabazi ondoren; partida hau ere hiru setetan erabaki da.

Finalean, bazirudien gauzak estuago egongo zirela, baina Bolitarrak taldeak, aurkarien akatsak baliatuz, partida irabaztea lortu du, eta horrela, estreinakoz jokatu den txapelketako lehen txapeldunak dira. Bi setetan irabazi diote Isidoro team taldeari. Delur voley eta Skibilariak taldeek, hirugarren posturako partida jokatu dute aurretik, eta Delur voley taldea erraz nagusitu da, bi setetan.

Gaur, kirolaren eguna ospatu dute Ibarran, eta ondorioz, egun ezin aproposagoa zen partida hauek jokatzeko. Bihar amaituko dira festak, Kuadrillen Eguna ospatzearekin batera:

Uztailak 27, larunbata. Kuadrillen eguna.

  • 09:00. Diana Giroarte dultzaina taldearen eskutik.   11:45. Kuadrillak San Bartolome plazan elkartuko dira.  12:00. Kuadrilla berriei ongi etorria: kuadrillen txupinazoa eta brindisa plazan.  Ondoren. Kuadrillen kalejira Bonberenea txarangarekin eta Giroarte dultzaina taldearekin batera.  14:30. Kuadrillen bazkaria Jakintzak eta Txantxiku kuadrillek antolatuta, Emeterio Arrese parkean.  17:00. DJ Andoni, Emeterio Arrese parkean.  17:30. Zezentxoak, kultur etxeko plazan. 19:30. Distopia elektrotxarangarekin kalejira. 22:30. Zezensuzkoa, San Bartolome plazan. 23:30. Muxutruk taldearekin dantzaldia, San Bartolome plazan.  00:00. Akerbeltz eta Hor konpon kuadrillek piparra osasun etxetik Emeterio Arrese parkeraino eramango dute, eta ondoren, erre egingo dute.  00:00-03:00. Testing programaren gunea Ai Laket! elkartearen eskutik. Substantzia ilegalen testa eta analisia egingo da, San Bartolome kaleko aparkalekuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!