Gaizka Maizak Baskoniaren bigarren taldean jokatuko du

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko abuztuaren 26a

Saskibaloi jokalari ibartarrak Zilarrezko Leb Ligan jokatuko du, azken hiru urteetan Club Basquet Coruña eta Club Melilla Baloncesto taldeetan aritu ondoren. 

Gaizka Maiza saskibaloi jokalari ibartarrak, Gasteizko Baskonia klubaren bigarren taldean jokatuko du denboraldi honetan. Pasa den denboraldian Urrezko Leb Ligan aritu zen Maiza, Melillako taldean, eta uda honetan, maila bereko beste talde batean jarraitzeko zenbait aukera aztertu ondoren, Zilarrezko Leb Ligako taldean aritzea erabaki du.

Melillan aritu aurretik, bi urtez egon zen Coruñako taldean, eta beraz, hiru denboraldi egin ditu ibartarrak etxetik nahikoa urruti. Orain, berriz, maila bat beherago jokatu arren, senide eta lagunengandik gertuago egongo da, eta gainera, Baskoniak bere bigarren talderako prestatu duen asmo handiko proiekturako jokalari garrantzitsua izatea nahi du. Hain zuzen, aste honetan lehen taldearen entrenamendu saioetan aritu da Maiza.

Maiatzan igo zen Baskonia Eba Ligatik Zilarrezko Leb Ligara, eta beste urte batzuetan bere postua saldu bazuen ere, aurten ez du halakorik egingo, bigarren taldea talentu handiko jokalariek lehen urratsak emateko aukera izatea nahi duelako.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!