Ibarrako piparra izan du gai nagusi aurtengo herri antzerkiak, Ibarran piparrik ba al da? izenburupean. Ohiko ibilbidean barrena piparraren inguruko hainbat kontu aletu dituzte antzezleek, umorearen bidetik: hazia nola aukeratu zuten, biltzaileen gorabeherak, piparra eta festak… Idoiaga plazan izan du hasiera, eta 60 bat urte atzera egiteko aukera izan da. Ibilbidean zehar, eszena ezberdinak antzeztu dituzte geldiuneak eginez, Danon Txokoa tabernaren aurrealdean, Txumitxa tabernaren atzealdean, Araneko garbitokian eta plazan, hain zuzen ere.
Hain zuzen, piperrak biltzen lanean aritutako hiru nekazariren pasarte bat kontatu dute Txumitxa atzealdeko plazan. Bildu ondoren saltzera joan direneko unea eta, behin lanak amaitutakoan, ospakizunaren momentua ere antzeztu diete herritarrei. Jarraian, Araneko garbitokira joan dira, eta bertan hiru garbitzaileri apaizarekin, mozkor batekin, emakume lirain batekin eta herriko alkatearekin gertatutakoak antzeztu dituzte. Azken obra herriko plazan egin dute. Jai giroan murgilduta zeuden ordurako, eta trikiti doinuek dantzan jarri dituzte zenbait aktore. Gune bakoitzean bildutako herritarrek, txaloz eskertu dute aktoreek goizean zehar egindako lana.
Orain txekorra jaten ari dira herritarrak Emeterio Arrese plazan, baina arratsaldean nahiz gauean izango da zer entzun eta zer dantzatu herrian:
- 16:00-20:00. Haur eta nerabeentzat ur parkea, Azkue auzoko plazan.
- 22:30. Zezensuzkoa, San Bartolome plazan.
- 23:45. DJ Andoniren emanaldia, Txumitxa atzealdeko plazan.
- 23:30. Gozategi taldearen emanaldia, San Bartolome plazan.
- Ondoren. Iratzar taldearen emanaldia, San Bartolome plazan.