Unai Iribarrek Donostiako Klasikoan parte hartuko du

Ataria 2022ko uztailaren 29a

Larunbatean 168 txirrindulari izango dira irteeran, 24 taldetan banatuta. Hemezortzi World Tourrekoak izango dira, eta sei, gonbidatuak. Azken horien artean dago txirrindulari ibartarraren Euskaltel Euskadi. Eskualdea zeharkatuko du lasterketak.

Larunbatean, hilaren 30ean, jokatuko da Donostiako Klasikoa lasterketa, eta txirrindulariek 225 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Jaizkibelgo (455 metro), Erlaitzeko (443 metro) eta Murgileko (254 metro) pasabide zorrotzetik pasatuko dira, eta, ohi bezala, helmuga Bulebarrean izango dute. Hiru mendate horiek nabarmendu arren, guztira sei izango dira, tartean Urraki (683 metro) eta Alkiza (336 metro). Euskaltel Euskadi talde gonbidatuak Donostiako Klasikorako hautatutako txirrindularien artean dago Unai Iribar ibartarra.

Lasterketa 11:30ean abiatuko da Donostian eta Urrakitik barrena, 14:00 aldera iritsiko da Bidania-Goiatzera. Handik Tolosa, Anoeta, Alkiza, Asteasu, Zizurkil eta Aduna zeharkatu ondoren aterako da eskualdetik. Tolosako Udalak jakinarazi duenez, trafikoa moztuko da larunbatean, 13:00etan hasi eta gutxi gorabehera, 15:00ak arte. Zehazki, Tolosan txirrindulariek egingo duten ibilbidea ondokoa izango da: Benta Haundi - Araba Etorbidea - San Frantzisko - Rondilla - Lapurdi plaza - Belate. Udaltzaingoak ibilbide guztian kotxeak ez aparkatzeko eskaera luzatu du, zirkulaziorik gabe mantendu beharra dagoelako, Tolosa zeharkatzen dutenean probako partaide guztien segurtasuna bermatzeko. 

Autobusen ibilbidean aldaketak

Kaleak erabat moztuko direnez 13:00etatik 15:00etara, hiribusaren ibilbidea ere aldatuko da eta larunbatean ondoko kaleak zeharkatuko ditu: Bialeko errotonda-Santa Klara - Kondeaneko Aldapa - Suhiltzaileen errotonda - Ikastola - Iurreamendiko biribilgunea - Usabal kiroldegia - Amarotz - San Blas - Bizkai kalea - Kondeaneko Aldapa - Santa Klara - Biala. Halaber, Lurraldebuseko lineetan ere eragina izango du kirol ekitaldiak eta Rondilla, San Frantzisko eta Geltokiko geralekuak Santa Klarara pasako dira. Izan ere, San Frantzisko Pasealekuak eta Rondilla osoak kotxerik gabe egon beharko dute. 

Ibilbide honek eragina izango du garajeko erabiltzaileengan ere. Zentzu honetan, Andia eta Rondilla kaleko garajeko erabiltzaileek ezingo dute ez atera ez sartu ezarritako ordutegian (13:00-15:00); urgentziak izan ezik. Gainera, Euskal Herria plazara etortzen diren saltzaileak jakinaren gainean jarriko dituzte Garapen Ekonomiko sailaren bitartez, irteteko ordua aurreratzeko edo lasterketa pasa arte itxaroteko. Zerkausiko saltzaileek, bere aldetik, Gorriti aldera ateratzeko aukera izango dute, Korreo edo Nagusi kaleak erabiliz. Antolatzaileek sortu daitezkeen eragozpenengatik barkamena eskatu dute. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!