Ibarrako jaiak 2022

Bartolo eta Bartolaren zain

Irati Saizar Artola 2022ko abu. 21a, 11:59

Abuztuaren 22tik 27ra ospatuko dituzte San Bartolome jaiak Ibarran; bi urteren ondoren, berriro ikusi ahal izango dituzte Bartolo eta Bartola herritarrek. Azken egunean, gauerdian, piperra erretzearekin batera amaituko dira aurtengo festak.

Abuztuaren 22tik girotzen hasiko badira ere, hurrengo egunean, abuztuaren 23an lehertuko da festa Ibarran, eguerdian, suziria lehertzearekin batera. Aurten Alurr dantza taldeari eta Uzturpe ikastolari egokitu zaie festen hasierako txupinazoa botatzea.

Horrela, abuztuaren 27a bitarte luzatuko dituzte, eta azken egun horretan, kuadrillen eguna izango dute. Urtero bezala, kuadrilla berriei ongietorria egingo zaie plazan, eta kalejiran ibili ondoren, kuadrillen arteko bazkaria egingo dute, Emeterio Arrese parkean. Horrez gain, betiko hitzorduak nagusituko dira aurtengo San Bartolome jaietan: haurren eta helduen danborradak, piperrak ere izango du bere betiko garrantzia, bertsolariak, Hauspoa kultur elkarteak antolatzen duen kale antzerkia edota Alurr dantza taldearen emanaldia.

Egunero iluntzeetan zezensuzkoaren bisita izango dute. Festa batzordetik gurasoei jakinarazi zaie zezensuzkoa borondatezko jarduera dela eta dakartzan arriskuei begira, tutoreak direla adingabeei gertatzen zaizkien ezbeharren arduradun. Parte hartu nahi duenak sintetikoa ez den arropa ekar dezala eskatu dute, txinpartekin erre ez daitezen.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!