elkarrizketa

«Pertsona on asko ezagutzeak ematen dio zentzua futbolari»

Asier Imaz / Imanol Garcia Landa 2022ko uzt. 27a, 11:59

Atezain bezala eman berri dio amaiera bere bideari, baina futbolarekin lotura izaten jarraituko du Mikel Saizar ibartarrak. Bere hogei urteko ibilbidean lagun asko egin ditu eta hori da berak pilatu duen altxor preziatuena.

«Bukatu da. Zeinen zaila den hitz hauek idaztea!». Horrela hasten zen Mikel Saizar futbol atezainak (Ibarra, 1983) sare sozialetan zabaldutako mezua, bere kirol ibilbidea amaitu zela esateko. Ez da motza izan bidea, eta hainbat talde eta mailatan aritu da, azkenekoa Amorebietan, bigarren mailan. Egun, Realaren hirugarren taldean atezainen entrenatzaile bezala dabil lanean.

Agurraren mezua idaztea asko kostatu zitzaizun, beraz.

Egia esan, bai. Urte asko dira gauza bera egiten, horretara dedikatzen eta momentua iristen denean zaila da. Hori idaztea eta umeei esatea zaila izan zen.

Une horretara iritsi aurretik, hausnarketa bat izango zen.

Azkeneko urteetan beti pasatzen zaizu burutik, azkena ahal zuela izan, baina jokatzen segitzen nuen. Azken urtea bigarren mailan bukatu genuen, eta segitzeko ideia eta indarrarekin nengoen. Egun batetik bestera, Roberto Olabek deitu zidan Realera joateko atezainak entrenatzera, eta horrek denari buelta eman zion. Hamar egun eskatu nizkion pentsatzeko, eta etorkizunari begiratuz, ikusi nuen hori zela egokiena, hori zela unea, eta erabakia hartu nuen.

Errazagoa, halere, erabaki hori hartzea, Realean horrelako postu bat eskainita.

Bai, hori gabe, ziur aski aurten ere jarraitu egingo nuen jokatzen. Reala bezalako klub batera, orain dagoen bezala, lanera sartzea eta gustatzen zaizun gauza batean, pribilegiatua izatea da. Gauza horiek baloratu nituen, eta oso gustura nago hartu dudan erabakiarekin.

Esan duzu zaila egin zitzaizula haurrei esatea.

Ikara gehiena horrek ematen zidan. Pixka bat tanteatu nien oporretan ea nola ikusten zuten, datorren urtean jarraituko ote nuen ala utzi egingo nuen, eta ez zitzaien burutik pasatzen nik uztea. Egunetik egunera joan nintzen azaltzen adin bat nuela eta aukera on bat ateratzen bazen, utziko nuela. Realetik deitu zidatela esatean, konbentzitu nituen, errazagoa izan zen eta pozik daude ere bai. Beraiei gustatzen zitzaien asteburuetan partidetara joan eta futbola hain gertutik ikustea, aldagelara jaistea, partida eta gero pixka bat futbolean jolastea.

Realera lanera joatea berezia izan behar du.

Profesionalki gozamena da: asko ikasiko dut, asko prestatuko naiz. Orain dela hogei urte hor nengoen jokatzen. Nik orain entrenatzen ditudan atezainen egoera berean nengoen eta polita da horiei erakustea. Reala orain dagoen momentua ikusita, profesionalki asko emango dit.

Futbolariek izan ohi dute joera hori, futbolari izateari utzi eta entrenatzaile bihurtzea. Zuk ere asmo hori zenuen?

Asmoa bai, ikasketa guztiak horri begira egin baititut. Entrenatzaile izateko hiru tituluak atera ditut, eta gero masterra egin nuen atezainen entrenatzaile izateko. Horra begira nengoen, baina ez nuen pentsatzen Realak deitzea, eta aukera hau ikusi eta aprobetxatu egin dut.

Nola iritsi zen deia? Curriculuma aurretik bidalita zenuen?

Ez, ez nuen horrelakorik egin. Sanseko entrenatzailea Xabi Alonso zen, eta bere atezainen entrenatzailea berarekin joan da. Hor hutsune bat sortu da azpiko taldeetan, eta ni Reala C taldean hasi naiz atezainak entrenatzen. 20 urteko mutikoak entrenatzen oso gustura nabil.

Zubietatik pasa izan zinen aurretik. Asko aldatu da?

Bai, handitzen ari da. Jende pila bat ari da bertan lanean. Orain barrutik ikusita ez da kasualitatea Reala azken hiru-lau urteotan egiten ari dena. Atzetik lan asko dago.

Eskolapioetako patiotik Shanti Torneora pasa zinela izan duzu gogoan, zure ibilbideari amaiera ematean. Torneoko taldeen izenak ere gogoan dituzu: Pesadillas eta Gerlariak.

Bai, futbolaren inguruan sekulako memoria dut. Sartu dizkidaten ia gol guztiak ditut gogoan... Partida hori aurreko kiroldegi zaharrean izan zen, 1991an edo 1992an, eta final hori oso grabatuta geratu zait. Beti esan dut han urduritasun gehiago pasa nituela Bernabeun edo Nou Campen baino. Penaltietara irabazi genuen, eta hori izan zen abiapuntu moduko bat niretzat.

Hortik Tolosa CF-ra, ezta?

Bai, eta gero hortik Lezamara joan nintzen. Realak deitu zidan aurrena, baina bilera bat egin genuen Ernesto Valverderekin, orduan kadeteko entrenatzailea zena. Bai nire aitari eta niri iruditu zitzaigun Athletic-era joateko aukera hori ez zela hain txarra. Realean Riesgo zegoen nire adinean, eta dagoeneko atezain oso ona zen, eta abentura horri ekitea pentsatu genuen. Ez naiz damutzen, beti ere aipatuz Realekoa nintzela, naizela eta beti izango naizela. Oso oroitzapen onak ditut Lezamako bi urte horietaz.

Oso gazte joan zinen.

Bai, eta ez nuen ondo pasa hasieran. Ez zegoen telefono mugikorrik eta ezer. Hara joaten ginen eta aste guztia han pasatzen genuen. Gero, partida eta ondoren uzten ziguten etxera joaten, baina igandean berriz buelta. Gogorra zen, baina lagun gehiago egiten zenituen, eta denbora gehiago pasatzen zenuen lagunekin. Egoitza batean 40 edo 50 jokalari egoten ginen eta oso oroitzapen onak ditut.

Hor hasi zinen irudikatzen profesionala izango zinela?

Oraindik amets bat zen. Hamalau-hamabost urterekin egon nintzen, eta ikusten zenuen lehenengo urtean egon ziren erdiak ez zeudela bigarrengo urtean. Eta gero niri tokatu zitzaidan: gero eta zailagoa bihurtzen da, hautatzen joaten baitira. Hortik Real Unionera joan nintzen. Jubenilen azken urtean nengoen, eta Luis Llopisekin egin nuen topo, orain Real Madrileko atezainen entrenatzailea dena. Berarekin asko ikasi nuen, eta inflexio puntu bat izan zen. Ikusi nuen hortaz bizitzeko gai nintzela. Bigarren B mailan debuta egin nuen, eta partida batera Gonzalo Arconada etorri zen, gustatu egin zitzaion nire partida eta hurrengo denboraldian Sansera joateko deitu zidan. Hori bai izan zela amets bat betetzea, Realeko hirugarren atezaina bihurtzen nintzelako.

Eta lehen taldean egoteko aukera izan zenuen.

Gogoratzen naiz ostiral goiz bat zela eta etxera deitu zuen Arconadak; amak hartu zuen telefonoa, eta esan zion Zubietara goiz joan behar nuela lehen taldearekin entrenatzera, eta gero Sevillara joan behar nuela. Atezain bat lesionatu zen eta esan zidaten zapatak eta trajea eramateko. Nik ez nuen ez zapatarik ezta trajerik ere, eta Zubietara joan nintzen ezer gabe. Traje bat utzi zidaten, niretzako pixka bat txikia, zapata batzuk, eta Sevillara joan nintzen nire idoloekin: De Pedro, Kovasevic, Nihat, Xabi Alonso... Sekulakoa izan zen hori. Hor ikusi nuen horretara dedikatu nahi nuela. Nire buruari esaten nion saiatu behar nuela egunero dena ematen, hor egon nahi nuelako.

Zer adin zenuen orduan?

Hemeretzi urte izango nituen. Lau urte pasa nituen Realean, eta gero Bravo fitxatu zuten eta ikusten zen lehen taldean ez nuela lekurik izango, eta Sanserako zaharra nintzenez, 23 urterekin Pontevedrara joan nintzen, bertako eskaintza gustatu baitzitzaidan gehiena. Orduan bai izan zela gogorra, etxetik aurreneko aldiz ateratzen nintzelako. Hor mundu bat ireki zitzaidan, eta atzera egin ahal izan banu, hori egitea aukeratuko nuen berriz. Kanpora joatean, beste kultura bat, beste jende bat ezagutzen duzu,eta dena zabaltzen zaizu. Nire bizia aldatu zuen pauso bat izan zen.

Hortik aurrera hainbat taldetan izan zinen: Cultural Leonesa, Guadalajara, Cordoba...

Bakoitzak bere ukitua izan zuen, baina egia esan toki guztietan gustura egon naiz. Zortea izan dut, jende on asko ezagutu dut, bai futbolean eta bai futboletik kanpo ere. Momentu on asko etortzen zaizkit burura. Igoera bat lortzea, adibidez, sekulakoa da, ezin da deskribatu. Hainbeste jende zuk egin duzun gauza batengatik pozik egotean sentitzen duzuna ezin da azaldu. Hori Guadalajaran, Cordoban eta Amorebietan gertatu zait.

Cordobarekin lehen mailara igo zinen. Horiek hitz handiak dira.

Bai, hala da. 32 urte nituen eta txikitako ametsa egi bihurtu zen. Nire ametsa lehen mailan eta Realean jokatzea zen. Realean ezin izan nuen lortu, eta Cordobarekin gertatu zen.

Batera eta bestera ibili ondoren, beste jauzi bat.

Txipretik eskaintza bat etorri zitzaidan, AEK Larnaca taldetik, eta probatu nahi nuen kanpoko beste kultura bat, beste modu bat bizitzeko, beste hizkuntza bat... Oso gustura egon nintzen. Oso toki polita da. Bizitzeko oso ona, eta hango futbolak duen alde ona da Europan jokatzeko aukera gertu duzula. Atarikoak jokatzen dituzu, eta beste motibazio bat zen hori, ea Europa mailako lehiaketa batean sartzeko aukera lortzeko. Baina lau partida jokatu ondoren, azken partidan kanporatuak izan ginen. Liga irabazteko azken unera arte borrokan izan ginen, baina azkenean bigarren geratu ginen. Oso esperientzia polita izan zen.

Hortik Numancia taldera, Soriara.

Bai, berotik hotzera pasa nintzen. Sorian hotza egiten zuen... Klub oso berezia da, lasaia. Oso gustura egon nintzen, eta gogoz geratu nintzen urte gehiago egoteko bertan.

Eta gero Burgosera.

Bai, hotzetik hotzera, baina Plantio futbol zelaia oso giro berokoa da. Oso futbolzalea da hiria, pila bat bizitzen dute. Oso gustura egon nintzen, bi urte oso onak egin nituen, eta oso maitatua sentitu nintzen. Oso berezia izan zen Burgos niretzat. Ez nuen lortu igoerarik Burgosekin, ezta Pontevedrarekin ere, eta pena hori daukat.

Azkenik, Amorebietara. Hor pasa dituzu azken hiru denboraldiak.

36 urterekin joan nintzen, pixka bat pentsatzen azken urtea izango zela. Eta, gutxiena espero genuenean, bigarren mailara igo ginen. Hogei lagunekin igo ginen maila profesionalera, eta hori sinestezina izan zen. Urte hori oso berezia izan zen. Zelai guztietara joaten ginen eta irabazi egiten genuen, ondo ala gaizki jokatu. Gero bigarren mailan jokatzea 39 urterekin eta lagun talde batekin oso polita izan da; gogorra ere bai, beti hor beheran izan garelako eta jaistea oso gogorra izaten da. Baina, azkenean, momentu onekin geratzen naiz.

Zure agur mezuan, zure filosofia azaltzen dela esan daiteke: laguntasuna, bai zaleekiko eta bai taldekideekiko ere.

Ematen du futbolean diruarengatik mugitzen zarela, eta oso bigarren mailakoa da hori niretzat. Ni orain oporretan Pontevedrara joan naiz, Cordobara ez naiz joan sekulako beroa egiten duelako, Txiprera joan behar nuen, baina Realean lanean hasi naizelako ezin izan naiz joan, eta Burgosen pare bat aldiz egon naiz, eta Soriara ere joan naiz. Azkenean zoriontsu izan zaren lekuetara itzuli egiten zara. Lagunak ditut leku askotan. Futbolean, onena eta geratzen den gauza bakarra lagunak dira.

Futbola uzterakoan jaso dituzu mezuak?

Bai, mezua oso politak, oso hunkigarriak. Hainbeste lagun egitean, pertsona on asko ezagutzen dituzu, eta horrek ematen dio zentzua futbolari, eta baita futbolaren bitartez hemendik ateratzeari.

Atezain izateari utzi arren, asteburuko dinamikarekin jarraituko duzu.

Pentsatzen nuen futbola utzi eta asteburuak libre izango nituela, baina ez, berriro ere asteburuak okupatuta izango ditugu. Jarraituko dugu asteburutan futbola ikusiz eta, beste modu batera izan arren, barrutik bizitzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!