Iñaki Gomez, Lauburuko Negozio Garapen eta Marketin arduradun berria

Tolosaldeko Ataria 2022ko uzt. 15a, 11:45

Lauburu Ibarrak, erkidegoko enpresekin eta entitateekin lankidetzan hazteko estrategiaren barruan, Iñaki Gomez gehitu du bere antolaketa-egiturara, klubaren Negozio Garapen eta Marketin arduradun gisa. Lanpostu berri ba sortu dute Lauburun, "erakundearen egonkortasunean eta hazkundean jauzi bat eman nahi duena, eta laster aliantza estrategikoak sortuko ditu bazkide berriekin".

Iñaki Gomez gasteiztarra enpresaren munduko profesionala da, eta 20 urte baino gehiagoko esperientzia dauka kirol entitateen kudeaketan. "Lauburu Ibarra marka balio handiko marka da euskal areto futbolaren esparruan, baina, gainera, apustu irabazlea da arlo sozial eta fiskalean ere. Hori da gure benetako hazkunde eredua, eta balio hori transmititzea izango da klubeko nire zeregin nagusia", adierazi du Gomezek bere lehen adierazpenetan.

Klubeko zuzendaritza batzordeak funtsezkotzat jotzen du Gomez taldean sartzea: "Oso kontziente gara haren profilak proiektuaren garapenean duen balio estrategikoaz, eta aspalditik ari ginen arlo hori modu profesionalean landu zezakeen pertsona baten bila. Iñaki, profesionala izateaz gain, gure kirolaren maitalea ere bada, eskarmentu handikoa, eta, bere egitekoa zaila dela jakinda ere, gurekin lanean hastearekin batera sentitzen dugun poza erabatekoa da. Orain, eskura daukaguna egokitu, eta pazientzia izan behar dugu, marketinaren eta babesletzaren munduak ez baitu larrialdiez ulertzen".

Orain arte arlo hori lantzen aritu diren zuzendariek ondo dakitela hori gaineratu dute Lauburutik. Horrekin guztiarekin, ongietorria eman diote Gomezi, eta ahalik eta "arrakasta gehien" opa dizkiote, "jakinda gaurtik aurrera indartsuagoak garela: gure babesleak eta laguntzaileak hobeto zainduta egongo direlako, eta klub gisa dugun irudia eta proiekzioa esku onenetan dagoelako".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!