Ioseba Mateos zazpigarren sailkatu da Batalla de Rande proban

Ataria 2022ko eka. 27a, 12:08

Itsas zeharkaldiaren hamargarren edizioa izan berri da jokoan, eta igerilari ibartarrak bere marka hobetu du.

Gizonezkoen absolutu mailan lortu du Mateosek zazpigarren postua. Probaren lehenengo 14 kilometroak neutralizatuak izan ziren eta azkeneko 13 kilometroak libre igerilari bakoitza bere erritmoan igeri egiteko helmugaraino. Probaren baldintzak gogorrak izan dira. Uraren tenperatura 17-19 gradutakoa izan da, eta kanpokoa 16-17 gradukoa eta lainotuta, olatuak 0-1 metro bitartekoak, eta haizea 20-30 kilometro orduko. "Zeharkaldi guztian zehar haize asko egin zuen eta infernu bat izan zen. Aurreikuspena bete zen eta oso zaila izan zen baldintza horietan igeri egitea, oso gogorra egin zitzaidan edizio hau", esan du Mateosek.

Aurten Batalla taldea, hau da, eliteko igerilarien taldea, desagerrarazi zuten antolatzaileek eta beraiekin batera egin zuen igeri ibartarrak talde azkarrenean. "Maila oso altua zegoen, eta erritmo azkarra lehenengo metrotatik", azaldu du Mateosek. 2019an 6.58.22ko denborarekin 14. postua lortu zuen, eta iaz 6.36.17rekin bigarren postuan amaitu zuen. Aurtengoan 6.24.29rekin oso pozik bukatu du: "Igerilarien maila ikusita nire denbora totala 12 minututan jaitsi dut", esan du Mateosek. "2021 denboraldi amaieran Triple Corona Illas Atlanticas 23 kilometrotako zeharkaldia 7. kilometroan bertan behera utzi nuen. Arazo pertsonalak medio, horrelako proba gogor bat bukatzea baldintzatu zidan. Momentu gogorrak izan ziren niretzako erronka hori ez bukatzea, eta neguan zehar igerian eta itsasoan metro asko egin ditut nire lagunekin". Aurtengo Batalla de Rande zeharkaldian 10-15 kilometroen artean 2021ko denboraldiko "mamuak" etorri zitzaizkion burura, "baina sufrituta eta nire buruarekin borrokan, lortu nuen erronka betetzea".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!