Biztanle berriak euskaraz errotzea helburu

Ataria 2022ko ekainaren 22a

Uemak eta Zaldibiako eskola komunitateak azken hilabeteetan herrian egindako lanketa Ibarrara iritsiko da irailean. Hainbat bilera egin dituzte dagoeneko udalarekin eta ikastolarekin.

Zaldibian Hizkuntzak erraietan: euskara eta elkarbizitza dokumentala aurkeztu berri dute. Ekimen berezi baten ondorio da dokumentala eta herriko hizkuntza nagusia euskaraz denez, euskarari eutsi nahia izan da abiapuntua. Izan ere, Uemako kide diren udalerrietan Zaldibiak du migrazio tasarik handienetakoa. Herritarren %14k dute beste herrialde bateko nazionalitatea. Herrian nabari da aldaketa, baina eskolan sumatzen da bereziki, hiru ikasletik batek jatorri atzerritarreko gurasoak baititu. Ikasle horiek euskaraz hezteko erronkari erantzuteko, eta familiekin harreman egokia izateko, hainbat eragileren arteko proiektua abiarazi zuten iaz Goierriko herrian, herriko hizkuntza nagusia euskara denez euskarari eutsi nahian. Izan ere, euskararen arnasgunea da Zaldibia, eta biztanle berriak euskaraz errotzea ezinbestekoa ikusi zuten hainbat eragilek, Uemarekin batera, herriko egoera soziolinguistikoari eusteko. Lanketa horren guztiaren emaitza Aloña Jauregik eta Eider Amundarainek zuzendutako Hizkuntzak erraietan: euskara eta elkarbizitza dokumentala izan da eta herrian aurkeztu berri dute.

Datorren ikasturtean ekimena beste lau eskola komunitatetan abiaraziko du Uemak, Huhezi fakultatearen laguntzarekin: Ondarroan, Leitzan, Aizarnazabalen eta Ibarran. Uemako teknikari Gari Goikoetxeak esan du Zaldibiatik haragokoa dela proiektu hau. "Zaldibian aitzindariak izan dira gaiari heltzen, baina honen berri izan orduko hainbat herrik eta eskolak jo dute Uemarengana azken hilabeteotan, herri mailako antzeko ekimenak abiarazteko, eskola komunitatean eta herritar berriengan eragin nahian. Horrela, datorren ikasturtetik aurrera, beste lau eskola komunitatetan antzeko proiektuak bideratzeko asmoa daukagu: Ondarroan, Leitzan, Aizarnazabalen eta Ibarran. Hainbat bilera egin dira dagoeneko herri horietako udalekin eta eskolekin, eta Zaldibian jorratutako bidea landuko dugu horietan ere, Huheziren laguntzarekin".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!