Minbiziaren Aurkako Elkartea Ibarran egongo da larunbatean

Tolosaldeko Ataria 2022ko eka. 21a, 14:49
Zizurkilen jarri zuten mahaia pasa den astean.

Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak ikerketa onkologikoa bultzatzeko dirua bilduko du Ibarran ekainaren 25ean. Lau mahai jarriko ditu goizean zehar.

Helburua ikerketa onkologikoa egiteko dirua biltzea da eta baita herritarren artean elkarteari buruzko informazioa zabaltzea ere. Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak esan du gaur egun, minbizia duten gizonen biziraupena % 55,3koa dela 5 urtean, eta emakumeen kasuan % 61,7koa. Ikerketari esker azken urteotan biziraupen-indizeak 3,3 puntu igo dira gizonetan eta 2,6 emakumeetan. Elkarteak %70eko biziraupena lortzera iritsi nahi du 2030ean, hau da minbizia duten hamar pertsonatik zazpik bizirik irautea. Horretarako, gakoetako bat minbizi guztiak ikertzea dela dio.

Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak ikerketa onkologikoko hainbat proiekturi ematen dio laguntza. 2021ean 340.160 euro bideratu zituen minbiziaren ikerketa lanetara, "pazientearengan arreta jarriz eta minbiziaren biziraupena handitzen jarraitzeko". Elkarteak 874 bazkide eta 163 boluntario ditu Tolosaldean, eta 2021ean laguntza psikologikoko 224 saio eta arreta psikosozialeko 71 esku-hartze egin zituen. Halaber, ortopediako materialaren 26 mailegu egin zituen, 424 esku-hartze sozial eta 142 pertsonak hartu zuten parte prebentzio-ekintzetan.

Aipatu zerbitzu horiek guztiak doakoak direla esan du elkarteak eta beraz, larunbateko diru bilketa ezinbestekotzat jo du paziente onkologikoei eta haien senideei laguntzen jarraitzeko. Guztira lau mahai jarriko dituzte 09:00etatik 14:00etara, bat Idoiaga kalean (Erre Berri okindegiaren ondoan) eta beste hiruak Euskal Herria kalean zehar. Mahaietan boluntarioak egongo dira elkartetik eskerrak eman dizkiete laguntza ematen aritzen boluntario guztiei. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!