ELKARRIZKETA

«Emakume guztiek merezi dute beraien amatasuna ondo gogoratzea gero»

Irati Saizar Artola 2022ko eka. 25a, 07:57
Irati Ayerza ibartar argazkilaria. I.A.

Argazki kamera eskuetan hartu eta istorioak iruditan izozten saiatzen da Irati Ayerza (Ibarra, 1983) argazkilaria. Ama izan ondotik amatasunaren errealitatea argazki bidez jasotzen du eta familia argazkiak egiten ere gozatu egiten du.

Semeen haurtzaroa dokumentatu nahian hasi eta argazkigintzatik bizi da egun Ayerza; begiekin irudia ikusi eta argazkia egiten die, keinu txiki bat, emozio jakin bat, argi berezi bat betirako jasoz.

Ikasketez kazetaria eta ofizioz argazkilaria. Zein helbururekin hasi zenituen ikasketak?

Txiki-txikitatik gustatzen zitzaidan kazetaritza. Nire helburu nagusia jendearen istorioak kontatzea izan da, horregatik hasi nintzen kazetaritzako ikasketak egiten, Leioan. Jendearekin harremanak edukitzea asko gustatzen zait eta horixe zen nire helburua. Oraintxe bertan argazkilaritzan nabil, eta uste dut helburua berdina dela. Kasu honetan, irudiarekin, baina jendearen istorioak eta testigantzak jasotzen ditut, hurrengo urteetan oroitzapen horiek izateko.

Eta nola iritsi zara argazkilari izatera?

Argazkilaritzan bigarren semea eduki nuenean hasi nintzen, nire semeen haurtzaroa dokumentatuta jaso nahi nuen eta nire amatasuneko dokumentu grafiko batzuk ere nahi nituen. Pixkana kamera hartzen hasi nintzen, eta konturatu nintzen asko gustatzen zitzaidala, eta gehiago sakondu nahi nuela. Zerbait profesionalagoa nahi nuen. Liburu asko irakurri ditut, beste argazkilari batzuen lanak ikusiz ere ikasi dut, eta teknikoagoak diren kurtsoak egin ditut. Baina kamera beti prest izan eta begiratuta ikasi dut gehien.

Noiz hartu zenuen lehen kamera eskuetan?

Txikitatik erabili dut kamera, baina lehen aldiz, modu serioagoan, 2017 inguruan hartu nuen. Ordutik gauza ezberdinak probatzen ibili naiz. Batetik, pixka bat dokumentalagoa diren argazkiak egiten ditut, egunerokoan bizi ditugun momentuak, etxean, esaterako. Izan ere, beti pentsatzen dugu argazki batek beti polita eta estetikoki prestatutako zerbait izan behar duela, baina askotan argazki hoberenak egunerokotasun horretan lortzen ditugu, benetan gure bizitza horiek kontatzen dutelako. Hor hasi nintzen argazkiak ateratzen. Eta gerora zabaldu naiz beste esparruetara. Moda, adibidez, asko gustatzen zait. Istorioak ere asko gustatzen zaizkit, baina ez bakarrik jendearen istorioak, baizik eta zerbait sormenezkoagoa dena muntatzea, gero argazkiak egiteko.

Sormena behar-beharrezkoa da argazkigintzan?

Niretzat behintzat bai. Eta nik uste argazkilaritzan lan egiten dugun gehienok puntu hori badaukagula, nahiz eta argazki dokumentalak soilik egiten dituztenak egon. Hor ere beti daukazu sormenarekin eta estetikarekin zerikusia duen puntu bat.

Argazkiak momentua jasotzen du. Momentu bakoitzaren atzean istorio asko daude?

Niri agian zerbaitek arreta deitu dit: keinu txiki batek, emozio batek, kolore batek, argi batek. Horrek zerbait esan dit. Nik gero hori familiei, markei helarazten diedanean esaten didate, esaterako, haurra den bezala harrapatu dudala, edo egun horretan triste zegoela eta asko nabarmentzen zaiola tristura hori. Askotan, egunerokotasuneko erritmoak ez digu uzten hori ikusten. Hor gelditzea, eta gero hori argazkietan islatuta geratzea da niri gehien gustatzen zaidana.

Irudi izoztua izan arren, badu kontakizuna bueltan.

Eta betirako gordeta geratzen dira. Urteak pasata ere argazki hori ikustean, gogora datorkizu egun horretan zer sentitu zenuen, zer bizitu zenuen. Argazki batek sekulako gauza pila sorraraz diezazkioke barruan pertsona bati.


Konfinamenduan ateratako argazkia; hainbat sari jaso ditu. IRATI AYERZA


Zein puntutan erabaki zenuen argazkilaria izan nahi zenuela?

Pandemiarekin etxean egon ginen hilabete horietan inflexio puntu bat izan nuen. Momentuan lanik gabe nengoen eta zerbait egin nahi nuen, eta argazkigintzan hastea erabaki nuen. Egunero argazkiak ateratzen hasi nintzen, konfinamenduan eguneroko moduko bat egin nuen, nire semeekin batera. Puntu horretatik aurrera buru-belarri hasi nintzen gainerako lanekin.



Amatasunarekin lotutako argazkiak egiten dituzu, asko, '#purematernity' hashtag-arekin. Nondik etorri dira?

Profesionalki honetan aritu nahi nuela erabaki nuenean, buelta bat eman nion gaiari. Nik, adibidez, nire amatasunean mugikorrarekin azkar ateratako argazkiak ditut. Ikusi eta oroitzapenak ekartzen dizkidate, baina nolabait esateko, ez dira argazki onak. Faltan botatzen ditut nire amatasuneko argazkiak. Haurrekin lan egiteko erraztasuna izan dut betidanik ordea, eta emakumea eta ama naizen aldetik sentsibilitate hori ere badut beste ama batzuekiko. Merezi duen lekuan jarri nahi nuen amatasuna, eta buelta bat ematen hasi nintzen gaiari. Inoren lana gutxietsi gabe, ikusi nuen, argazki mota bat falta zela, amatasuna berezko egoera naturalean kontatuko zuena, eta artearen eta sormenaren aldetik beste puntu bat gehiago emango ziona. Hortik sortu zen #purematernity. Emakume guztiek merezi dute beraien amatasuna ondo gogoratzea gero; edozein ama izan daiteke argazki batean ateratzeko ona, eta amatasun guztiek merezi dute dokumentazio hori. Amatasuneko momenturen batean oso goian egon zaitezke hormonengatik edo agian oso gaizki zaude lorik egiten ez duzulako, baina denbora pasatzen denean konturatzen zara horrelako argazkirik ez zenuela atera. Hori ez pasatzeko helburuarekin hasi nintzen.



Amatasuna bere errealitatean, zentzu guztietan jasotzen duzu.

Bai, hori da. Izan daiteke haurdunaldian zehar, erditzearen ondoren, haurrak helduagoak direnean, edo familiarteko giroan, baina zentroa beti ama izanez.

Zu zeu ama izateak lagunduko zizun horretan. Zenbat eragin dizu?

Zerotik ehunera ehun esango nuke. Ezin dut ziurtatu, baina nik uste ama izan ez banintz ez nintzatekeela argazkilaria izango. Ama baten ikuspuntutik egiten ditut argazkiak.

Falta den horren bila egiten duzu lan.

Egia da geroz eta gehiago erakusten dela, esaterako, sare sozialetan. Baina adibidez, Instagrameko kasuan, nire estiloko argazkilari askok gure lanak zentsuratuta ikusten ditugu, argazkiak borratzen dizkigute, kontuak baliogabetzen dizkigute, ez dutelako uzten haragia erakusten, emakume baten titiak erakusten. Eta horrez gain, beti erakusten zaigu erditze batetik oso ondo ateratzen dela ama, ez dauzkala begi-zuloak, oso ondo lo egiten duela, pozik dagoela, eta beste guztia barrutik eramaten da. Hori erakutsi egin behar da, naturalizatu, jendeak ulertzeko egoera guztiak direla posible, zilegi dela gaizki egotea.

Jende bati laguntzeko ere izan daiteke?

Oso harrera ona izan dute argazkiek. Azken argazki saioa, denboraz baino lehen jaiotako ume txiki batekin egin nuen. Beraien edoskitzea nolakoa zen dokumentatu nuen. Ondorenean mezu asko jaso nituen, beraien edoskitzea ere horrelakoa izan zela gogorarazi nielako, eta zein gogorra egin zitzaien kontatuz, inork ez zielako aurrez ezer kontatu horri buruz, eta zein garrantzitsua den hori irudietan jartzea eta modu polit batean kontatzea. Krudela baina polita da aldi berean, eta horrek asko betetzen nau.

Argazki horiek egiteko ama izatera doazenak edo ama izan berriak beharko dituzu.

Nire lanak ikusi ondoren beraiek gerturatzen zaizkit gehienbat. Horrelako lan bat egiteko nirekin kontaktatu zuen lehen pertsonak, nire beste argazki mota batzuk ikusi zituen aurrez, eta argazki saio bat egin nahi zuela esan zidan, eta argazkilaria ni izatea nahi zuela. Egoera txar bat pasatu zuen erditzean, denbora bat pasatu zen erditze horretatik eta etapa hori ixteko buelta bat eman nahi zion kontuari. Beti egongo naiz eskertuta pertsona horri, lan horri esker ireki zitzaidalako atea beste lan batzuetarako.

Sare sozialek laguntzen dute horretan?

Nire kasuan bai. Kamera hartzea erabaki nuen momentuan Instagrameko perfila ireki nuen. Pixkana nire argazkiak aurkezten joan naiz, eta bai marken kasuan eta baita amatasunaren kasuan ere, sareetan erakusten dudan lanak ekartzen dizkit ia bezero gehienak. Bere alde txarrak eta onak ditu, azken batean, arau horiek errespetatu behar dituzulako eta beraien ildotik joan behar duzulako, baina hala ere nire kasuan oso lagungarria da.

Amatasunaz gain, haurren modak ere badu lekua zure lanetan.

Ezagun batekin komentatu nuen behin eta animatu egin nintzen. Nire bi semeekin, esaterako, argazkiak ateratzerako momentuan zerbait desberdina egiteko laguntzen zidan. Azken lana, adibidez, Orbea eta GAC bizikleta zahar batzuekin egin genuen marka batentzat; istorio bat muntatu genuen. Askotan nire semeekin egiten dut lan, baina modeloak diren beste haur batzuekin ere aritzen naiz.


Boboli arropa markarako euskal bizikletekin egindako saioa. IRATI AYERZA


Zure semeak askotan dira protagonista zure argazkietan. Erraza da haiekin lan egitea?

Nik oso ondo ezagutzen ditut eta beraiek ere ni ondo ezagutzen naute, konplizitate hori nabaritu egiten da. Nik semeei egiten dizkiedan argazkiak bezero bati ateratzea zaila da, gertatu daitekeen arren. Bezeroa lehenik ezagutu egin behar dut, gero jakiteko zer irudi harrapatu. Nire semeekin lan egiteak gauza berriak probatzeko aukera ere ematen dit, badakidalako noraino eskatu ahal diezaiedan edo noraino jokatu dezakedan beraiekin.

Argazkia aitzakia izango da batzuetan, semeekin momentu hori bizitzeko.



Bai, hala da. Pasa den urtean, Espainia mailan emakume argazkilari talde bat elkartu ginen, hamabost argazkilari gara. Hilabetean autorretratu bat egiten genuen, izan zitekeen bakarrik edo familian. Eta guk, familian, elkarrekin adosten genuen ze argazki egin. Momentutxo hori aprobetxatzen genuen familian.

Zure familiari Ibarran ateratako argazki bat 'Vogue'ra iritsi da. Nolatan?

Voguek fotovogue deitzen dion profil bat dauka, eta nahi duen argazkilariak bere argazkiak bidal ditzake. Gero berak erabakitzen du publikatuko dituen edo ez. Udako egun batean, Ibarrako Arane baserrian geunden eta igerilekua oraindik berde-berdea zegoen ura aldatu gabe zegoelako; irudia ikusi nuen eta argazkia atera nion. Aurkeztea erabaki nuen eta onartu egin zidaten. Loteria moduko bat izan zen, baina tira, Ibarrako Arane baserria hortxe dago Voguen. Anekdota txikiak dira baina ilusioa egiten dute.

Arkitekto eta barne diseinatzaileentzat ere egiten duzu lan. Zein arlotan aritzen zara gustuen?

Erosoen amatasuna eta familiako argazkiekin aritzen naiz. Berdin zait dokumentala izatea, hau da, nik norbaiten etxean goiz bat pasatzea eta gertatzen denari argazkiak ateratzea, edo zuzendutako saio bat izatea, adibidez, erretratu batzuk izateko, edo pintura batzuekin eta urarekin istorio bat muntatzea eta jolasten ari diren bitartean argazkiak ateratzea. Hori adibidez asko gustatzen zait.



Euskal Herria argazkiak egiteko leku aproposa izango da: mendia eta itsasoa gertu.

Denek esaten didate gauza bera. Nire handicapa da ez dudala estudioan lanik egiten eta beti eguraldiari begira egon behar izaten dudala. Baina egia da asko laguntzen duela berdea gertu izateak, hiriak ere ondoan izateak, hondartza mota ezberdinak... alde horretatik zorte handia daukagu.

Argazkilaritzan nora iristea gustatuko litzaizuke?

Momentuz bide honetatik jarraitzeko asmoa daukat, kontentu nago. Baditut buruan aurrera begirako pare bat ideia, ez amatasunarekin lotuta baina bai emakumearekin. Asko gustatuko litzaidake emakumea helduaroan balorean jartzea edo baita ere emakume migratzaile eta errefuxiatuen istorioak iruditan jartzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!