Eñaut Elorrieta elkarrizketatuko dute Ibarrako gaztetxoek

Irati Saizar Artola 2022ko eka. 13a, 15:00

Sormenetik Gurera egitasmoaren bigarren saioa Ibarran egingo dute, Gaztezuloren eskutik, ostiral honetan, 17:30ean, Emeterio Arrese plazan.

Sormenetik Gurera egitasmoaren saio berria egingo dute ostiral honetan, 17:30ean, Ibarrako Emeterio Arrese plazan. Galtzaundi Euskara Taldea iaz hasi zen egitasmo honekin, eskualdeko nerabeekin batera, nerabeentzat bideratutako saioak antolatzen, eta oraingoan, Ibarrako Gaztezulok hartuko du gidaritza ostiraleko saioan. 

Eñaut Elorrieta musikaria izango da elkarrizketatua, eta Gaztezuloko lau gaztetxok elkarrizketatuko dute. Saio irekia izango da, eta edonork izango du ikustera joateko aukera. 

Idoia Lahidalga Galtzaundiko kideak azaldu duenez, nerabe eta gazteak euskal kulturgintzari balioa emateko modu bat da, eta gaztetxoak beraiek izango dira protagonista. 

Elkarrizketatua aukeratzeko jolas moduko bat egin dutela kontatu du Nahia Tabernero Gaztezuloko kideak. "Lau pertsona zeuden aukeren artean eta Eñaut Elorrieta izan zen hautatua, besteak beste, bere abestiak asko gustatzen zaizkigulako eta denetan ezagunena zelako". 

Behin elkarrizketatua aukeratuta, atrezzorako materiala prestatzen aritu dira, eta galderak prestatzeko tartea ere hartu dute, Haizea Ijurko Gaztezuloko kideak azaldu duenez: "Gai desberdinen inguruko galderak prestatu dizkiogu, sormenaren ingurukoak, Ken Zazpi taldearen ibilbideaz ere galdetuko diogu eta baita musikari izatearen esperientziaz ere".

Gaztezuloko kide den Luana Favrinek ibartarrak eta inguruko herrietakoak gonbidatu ditu saiora, "esperientzia polita" izango dela ziurtatuta.   

Iazkoaren jarraipena

Orain artean, Tolosako Azokaren testuinguruan antolatzen ziren Sormenetik saioak, Euskal Herriko artistak eta sortzaileak elkarrizketatuz, eta iaztik nerabeentzat ireki dute plaza, nerabeak protagonista izango diren Sormenetik Gurera egitasmoa antolatuz.

Iaz, Villabonako Malkar aisialdi taldekoek Antton Telleria kazetaria elkarrizketatu zuten, eta Ibarrako Gaztezulo haiekin jarri da harremanetan, egitasmoaren nondik norakoak ezagutzeko. Izaskun Urrestarazu Gaztezuloko hezitzaileak esan du ideia "polita eta egingarria" iruditu zitzaiela, eta herriko nerabeak elkartu zituztela, "beraiek zirelako herrian kultura eta kirolaren inguruan horrelako zerbaiten falta sumatzen zutenak".

Gaztezulok duen filosofiari eutsi diote oraingo egitasmo honetan ere eta "herriko nerabeen ideietatik abiatuta" antolatu dute guztia ostiralerako.   

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!