Ikasteko zenbait baldintza hobetu dituzte Ibarran

Ataria 2022ko eka. 2a, 11:58

Txontxoko lokala ikasteko gune moduan egunero zabaltzea lortu dute Ibarrako GKSk eta Ibarrako Gazte Asanbladak.

Ibarrako Gazte Koordinadora Sozialistak eta Ibarrako Gazte Asanbladak Ikasteko kalitatezko baldintzak borrokatu izeneko dinamika jarri zuten martxan martxo erdialdean, Ibarrako liburutegiko ordutegia eta egutegia "eskasak" zirelako. Ekain amaierara bitarte, Txontxoko lokala ikasketetarako egunero zabaltzea lortu dute.

Herriko gazteek zituzten beharrei tiraka hasi ziren gaia aztertzen Ibarrako GKS eta Ibarrako Gazte Asanblada. Asier Aierbe Ibarrako GKSko kideak azaldu duenez, unibertsitateko azterketetarako zein selektibitatea prestatzeko, Ibarran ez zegoen "espazio egokirik". Ordutegi eta egutegi aldetik "oso eskasa" geratzen zitzaien eskaintza: "Liburutegia asteburuetan itxita egoten da, astelehen goizetan ere bai, eta eguerdietan 13:00etatik 16:00etara ere itxita egoten da".

Behin arazoa identifikatuta, aurkezpen bideo bat egin zuten eta inkesta bat zabaldu zuten gazteen artean. Aldi berean, udalarekin ere harremanetan jarri ziren irtenbide bat emateko.

Inkestetatik ondorioztatu dute "jendeak ikasketa prozesua behar bezala aurrera eramateko espaziorik ez duela etxean eta askok kilometro batzuk mugitu behar izaten dutela, izan ondoko herriko liburutegira joateko edo unibertsitateko liburutegian ikasteko, lekualdatzeak suposatzen duen gastuarekin".

Momentuz irtenbide probisionala lortu dute. Ekaina amaierara bitarte, Txontxoko lokalean gela bat egokitu dute ikasteko, astelehenetik igandera erabilgarri izango dena. 09:00etatik 15:30era irekiko dute egunero, eta astean zehar, arratsaldez, liburutegi zerbitzua izango dute 16:00etatik 20:00etara; horrela, "egun osoko ordutegi zabal bat" osatu dute.

Betirako irtenbidea

Ekaina amaiera arteko irtenbidea lortu dute udalarekin, baina bi eragileren asmoa da, hurrengo ikasturteari begira «modu iraunkor batean antolatzea liburutegia edo beste espazioren bat». "Urte guztian zehar denen eskura egongo den espazio bat izatea nahi dugu, berme gehiago izango dituena", esan du Aierbek.

Jendeak espazioa erabiltzen ari dela kontatu du, eta momentuz, herriko gazteen artean harrera ona izan duela lokala zabaltzeak: "Gazteok antolatuz batzeak bere fruituak ematen ditu, eta hau lorpen txiki bat izanda ere, bide horren eraginkortasuna demostratzeko balio izan digu eta zentzu horretan nahiko pozik gaude".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!