Gaztelekuak irteerak antolatu ditu haur eta gazteentzat

Tolosaldeko Ataria 2022ko mai. 26a, 09:59

Ibarrako Gaztelekuak irteera ezberdinekin eskaintza zabala prestatu du herriko haurrei eta nerabeei zuzenduta. Izen ematea hilaren 31n zabalduko dute eta ekainak 9 izango da apuntatzeko azken eguna.

Covid-19aren aurreko egoerara itzuli da Ibarrako Gaztelekua, eta udako eskaintzak bereziak antolatu ditu. Dagoeneko apuntatuta daudenei eta ez daudenei zuzendutako ekitaldiak dira, eta edozeinek izango du udan Gaztelekuaren ekimenetan parte hartzeko aukera. 

2005. urtean jaio direnetatik hasi eta 2011. urtera bitarte haurrei eta nerabeei zuzendutako eskaintza da Gaztelekuarena. 10-12 urte bitarteko haurrentzako hiru egunpasa dituzte antolatuta: Ekainak 27, uztailak 5 eta uztailak 11. Ekainaren 27an arroiletara joango dira, uztailaren 5ean Getariako hondartzara eta 11n, wipeot-era Senperera.

Aldiz, DBHtik Batxilergora bitarteko gazteek lotara joateko aukera izango dute. Izaskun Urrestarazu Gaztelekuko hezitzaileak adierazi duenez, "urtean zehar behin eta berriz eskatzen digute". DBH 1ekoak, ekainaren 29tik 30era Amezketako Buruntzunzin elkarteari esker, beraien etxolara joango dira lo egitera, eta bibak egingo dute.

Uztailaren 7 eta 8an, DBH 3koekin Arbizuko kanpinera joango dira gau bat bertan pasatzeko, eta uztailak 14-15ean, berriz ere, Buruntzunzinera joango dira, Amezketara. 

Gainerakoan, DBH 4 eta batxilergoko lehen mailako gazteekin uztailaren 18tik 20ra, kostako ibilaldia egingo dute. Oriotik hasi eta Igeldora, eta Igeldotik Hondarribira egingo dute ibilaldia. 

Bukatzeko, uztailaren 22an, Oporretan Euskaraz ludotekarekin batera, Uda Festa antolatuko dute, egun guztian zehar. 

Maiatzaren 31n zabalduko dute irteera hauetan parte hartu nahi dutenek izena emateko epea, eta ekainaren 9a bitarte izango da apuntatzeko aukera. Gaztelekuaren sare sozialetan jarri dute informazio guztia edota informazioa nahi duenak Gaztelekuko hezitzaileekin jarri beharko du harremanetan. Urrestarazuk azpimarratu nahi izan du urtean zehar ateak zabalik dituztela guztientzat, eta orain udara begira ere, haur eta gazte guztiak animatu ditu izena ematera.    

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!