Garagardo Festa berreskuratuko dute Ibarran

Irati Saizar Artola 2022ko mai. 19a, 07:58

Maiatzaren 26tik 28ra ospatuko da eta hamar garagardo ezberdin dastatzeko aukera izango da; plazan jarriko dute karpa.

Azken urteetan ospatu gabe egon ondoren, Garagardo Festa antolatu dute berriro ere Ibarran. Maiatzaren 26tik 28ra izango da, Ibarrako plazan jarriko duten karpan. Tolosaldeko Kontseilu Sozialista arduratu da guztia antolatzeaz.

Bertako zerbezak zein kanpokoak, arruntak nahiz bereziak, denera hamar mota ezberdin dastatzeko aukera izango da. Halaxe kontatu du Ane Zubiria Tolosaldeko Kontseilu Sozialistako kideak. "Zerbeza mota ezberdinak probatzea gustatzen zaionak aukera ederra izango du Ibarran". Tiketak salduko dituzte gunean bertan, eta karpa zabalduko duten hiru egunetan afariak ere emango dituzte. Besteak beste, ukondoa, saltxitxak, patata purea eta postrea eskatu ahalko dira.

Eta musikak ere izango du bere tartea. Girotze aldera, musika taldeak eta DJak gonbidatu dituzte, eta tartean herriko musika talde bat arituko da: The hastelens. "Aukera polita iruditu zaigu herriko musika taldeak herrian bertan aritzeko aukera izatea". Plazako eskaintzaz gain, ostiral eta larunbatean kontzertuak izango dira gaztetxean, beraz, festarako gaztetxea ere zabalik izango da.

Zubiriak azaldu duenez, aspalditik zuten gaia mahai gainean: "Hainbat kide elkartu ginen garagardo festa berreskuratzeko ahalegina egiteko, izan ere, herriarentzat aukera ederra izan zitekeela ikusten genuen".

Egitaraua

  • Maiatzak 26, osteguna
    • 18:00. Karparen irekiera.
  • Maiatzak 27, ostirala
    • 18:00. Karparen irekiera.
    • 23:00. Bassagain.
    • 01:00. DJa gaztetxean.
  • Maiatzak 28, larunbata
    • 17:00. Karparen irekiera.
    • 18:00. The hastelens.
    • 22:30. DJ Trikitixa.
    • 02:00. DJ DBO, gaztetxean.

*Egunero afariak emango dituzte, plazako aterpean, 20:00etatik 22:30era bitartean, eta larunbatean 21:00etatik aurrera. Tiketak momentuan bertan egongo dira eskuragai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!