Ibarrako jaietarako diseinu lehiaketa abiatu dute

Ataria 2022ko mai. 6a, 15:00

Ekainaren 15a izango da lanak aurkezteko azken eguna; irabazleak 300 euroko saria jasoko du.

Ibarrako Udalak aurtengo jaietarako programaren azala eta kartela aukeratzeko lehiaketa antolatu du. Lanak aurkezteko azken eguna ekainaren 15a izango da. Ibarrako kultur etxera eraman beharko da, 13:00ak baino lehen.

Lanak 16 urtetik gorako pertsona guztiek aurkeztu ahal izango dituzte, eta parte hartzaile bakoitzak gehienez bi lan aurkeztu ahalko ditu. Ondo nabarmendurik azaldu beharko du Ibarrako jaiak 2022 testuak. Horrez gain, Ibarrako jaiekin zerikusia duen ezaugarriren bat edota irudiren bat jaso edo adierazi beharko da. "Generoaren irudikapenean erabilitako irudiek oreka bilatuko dute, rol eta estereotipo tradizionalak azpimarratu gabe, eta sexu, arraza, adin, kultura edo sexu aukeren arloan diferentzien tratamendu gutxiesgarria ekidinez", azaldu dute.

Esku programaren azalak 21x21 zentimetroko neurria izango du eta diseinua neurri horietan edo neurri horien proportzioan aurkeztu beharko da. Kolorea eta teknika aukerakoa izango da, baina kontuan hartzeko eskatu dute diseinua paperean eta euskarri gogor batean aurkeztu beharko dela. Horrez gain, formatu digitalean ere aurkeztu beharko da, JPG formatuan eta gutxienez 300 ppp-ko erresoluzioan.

Aurkezten diren lanak originalak eta beste inon aurkeztu gabeak izan behar dute. Aurkezten den lanarekin batera, egilearen datuak sartu beharko dira kartazal itxi batean (izen-abizenak, helbidea, NAN zenbakia, adina eta telefonoa). Kartazalaren kanpoaldean eta aurkezten den lanaren atzealdean goitizena idatziko da.

Epaimahaia bost pertsonak osatuko dute, eta bere erabakia apelaezina izango da. Irabazleak 300 euroko saria eskuratuko du. Lehiaketara aurkeztutako lanak udalak jendaurrean erakutsi ahal izango ditu. Saririk irabazi ez duten lan originalak kultur etxean jaso ahal izango dira uztailaren 11tik 15era bitartean, 09:00etatik 13:00etara. Saritutako lana Ibarrako Udalaren jabetzapean geratuko da eta nahi hainbat erreprodukzio egiteko eskubidea izango du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!