Elkarrizketa

«Lasterketa bakoitzean zuk jakin behar duzu non dagoen zure lekua»

Imanol Garcia Landa 2022ko mai. 4a, 19:59

Profesional mailan bere lehen denboraldia du aurtengoa Unai Iribarrek (Ibarra, 1999). Lau hilabete hauetan Euskatel-Euskadi taldearekin zazpi probatan izan da, eta guztira 22 etapatan edo egunetan izan da lehian. Horietako garrantzitsuena Alpeetako Tourra izan da, eta azkenekoa, asteburuan egindako Asturiasko Itzulia.

Nola joan dira lehen lau hilabeteak?

Ondo. Pixkanaka maila berri honetara moldatzen ari naiz eta esperientzia hartzen.

Lehenengo sentsazioak zein izaten ari dira? Aldea dago, noski, afizionatuetatik profesionaletara.

Bai, noski. Lasterketen kilometrajearengatik, erritmoaren aldetik, eta korritzen den moduagatik, oso ezberdinak dira. Hasierako lasterketei begira ondo entrenatu nuen, baina ez nintzen hain ondo hasi. Gaixotasunen-bat edo izan nuen, eta lehenengo karreretara iristerakoan gorputza ez nuen hain ondo. Horiek gehiago kostatu zitzaizkidan eta ez nituen hain emaitza onak atera. Baina gorputzari buelta eman diot, eta azkeneko karreretan askoz maila hobea eman dut. Gustura nago ematen ari naizen mailarekin, taldea ere bai, eta hori da garrantzitsuena.

Zazpi probatan eta 22 egunez aritu zara lehian. Asko ala gutxi da kopuru hori?

Nahikoa da. Hasiera oso indartsua izan genuen, taldeak egutegi bizia zuelako. Mallorcan hasi nintzen, gero Jaengo klasikoa, eta ondoren Algarveko eta Galiziako itzuliak egin nituen. Ondoren, hilabete eta erdiz Itzulia eta Kataluniako Volta prestatzeko erabili ziren. Azkenean, horietara ez nintzen joan, baina La Route Adelie klasikoan eta Alpeetako Tourrean parte hartu dut, eta azkena Asturiasko Itzulia izan da.

Orain arteko proba garrantzitsuena Alpeetako Tourra izan al da?

Dudarik gabe. Ez du Euskal Herriko Itzuliaren edo Voltaren maila kategoria aldetik, baina azkenean ia World Tour mailakoa dela esan daiteke. Txirrindulari askok erabiltzen dute Girorako prestatzeko. Bost eguneko itzulia da, Alpeetako mendate oso gogorretatik pasatzen da, tartean Giroko mendate mitikoak igoz.

Alpeetako Tourrean protagonismoa izan zenuen, bi egunez ihes eginda egon zinelako.

Hirugarren eta laugarren etapetan egon nintzen ihesaldian. Egun egokiak ziren ihesaldiak iristeko, eta hasieratik borroka handia egon zen ihesaldia harrapatzeko. Beraz, bertan sartzerako bala dezente botata genituen, baina halere oso gustura nago ihesaldi horietan sartu ahal izan nuelako. Inguruan begiratzen nuen eta maila oso altuko txirrindulariak zeuden. Nire burua hor ikustea oso pozgarria zen.

Horrelako uneetan agian gehiago jabetzen zara dagoeneko profesionalen artean zaudela?

Aurreko urtean denboraldi bukaeran 'stagiare' bezala egon nintzenean bai izan zela bereziagoa, eta pixka bat lekuz kanpo sentitzen nintzen; orduan ez nuen kontraturik, proba bezala nengoen, eta Laboral Kutxako txirrindularia nintzen. Aurten asimilatuago daukat, eta bai sentitzen naizela bat gehiago, tropel profesionalaren parte. Gainera, azken lasterketa hauetan lehiakorragoa izan naiz.

Taldetik ere hori eskatuko dizuete, ahal dela protagonismoa izatea. Etapak irabaztea beste kontu bat baita.

Azkenean guk jakin behar dugu non dagoen gure maila, eta lasterketa bakoitzean taldeari nolako ekarpena egin. Alpeetako Tourren, hainbat World Tour mailako talde daudenean, agian zure lekua ez dago etaparen lehian; bigarren mailako sailkapen batzuk hartzea edo ihesaldietan presentzia izatea zuretzat eta taldearentzat aproposagoak dira. Azkenean, modu batera edo bestera lasterketan presentzia izatea eskatzen digu taldeak.

Emaitza nabarmenena Alpeetako Tourrean izan al duzu?

Alpeetako Tourrean gustura geratu nintzen maila handiko bi ihesaldi horiek hartuz, eta baita ostiraletik igandera egindako Asturiasko Itzulian. Sailkapen orokorrean hamaseigarren egin dut. Azken etapan eguneko ihesaldian sartu nintzen, eta gero sufritzea tokatu zitzaidan denbora ez galtzeko. Nahiko ondo eutsi nion postuari, eta nahiko emaitza polita lortu nuen.

Aurrera begira zer asmo dituzu?

Lehen esan bezala, lasterketa bakoitzean zuk jakin behar duzu non dagoen zure lekua. Alpeetako Tourrean maila oso ona eman nuen, baina ihesaldi horietan sartzea zen niri zegokidana, ez sailkapen orokorrari begira edo etaparen azkenera arte itxarotea garaipena lortzeko. Asturiasko Itzulian, maila baxuagoa izanik, bai banuela ahalmena bukaera aldera arte itxaron eta postu hobeagoak lortzeko lehian izatea. Hurrengo lasterketak bide horretatik joan daitezke, beti ere taldearen aginduak kontuan hartuta. Aurreko urtean gertuagotik ikusten nuen garaipena, eta aurten nahiko urrutitik. Azkenean lanean jarraitu behar dut, eta ea egunen batean gerturatzen naizen garaipenen borroka horretara. Momentuz beste lan batzuekin konformatu behar dut, eta disfrutatu bizikletan eta karreretan.

Iazko denboraldian garaipenak lortu eta aurreneko postuen borrokan egoten zinen. Zure burua egokitu behar izan duzu orain beste rol batean zaudela jabetzeko?

Aurreko urtean Euskal Herriko eta Espainiako 23 urtez azpiko txirrindulariekin ari nintzen lehiatzen, eta aurten mundu guztiko elitearekin. Salto handia da. Oso zaila da, eta pausoz pauso joan behar duzu, urtetik urtera hobetzen alor guztietan, eta azkenean maila hori baduzu eta iristen bada elitean garaipenak borrokatzeko aukera, iritsiko da, baina lasai hartu behar da eta ez burua jan horregatik.

Itzulian ez egoteak pena eman dizu?

Bai, ematen dizu etxeko karrera delako, baina taldean txirrindulari gehienak euskaldunak gara, eta ez direnek ere goi mailako lasterketetan parte hartu nahi dute. Agian ez egotea ez zait gaizki etorri. Itzulian oso zaila izan da aurten nabarmentzea, ikusita karrera bera nola joan zen eta zer maila zegoen. Horren ordez, Alpeetako Tourrera joan nintzen, maila handikoa, eta protagonismoa izateko aukera izan nuen.

Espainiako Vuelta da beste proba garrantzitsua taldearentzat. Zein joango diren erabakita al dago?

Ez. Espainiako Vueltarekin batera Donostiako Klasikoa da hemendik aurrera taldearentzat bi proba nagusienak, eta oraindik ez dakigu zein joango den. Aurretik egindakoaz gain, etorriko diren probetan maila erakutsi behar da bi proba nagusi horietan zure lekua lortzeko.

Zein da zure hurrengo lasterketa?

Hemendik bi asteburutara bi klasiko izango ditut Bretainian, Morbihan eta Tro-Bro Leon, eta hortik beste asteburu batera beste bi klasiko. Gero, ziur aski, ekainean Esloveniako Tourrean parte hartuko dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!