Dokumentala eta mendi irteera, gaurko eta iganderako

Ataria 2022ko mai. 5a, 07:58

Ibarrako Bidetxur Mendi Klubak antolatuta ‘Arrastoan’ dokumentala eskainiko dute, gaur, 19:00etan, Txontxon.

2018an Laponiara egindako eski zeharkaldi bat jasotzen du Arrastoan dokumentalak. Iker Iriarte, Josu Iztueta eta Pablo Dendaluze tolosarrek, eta Aitor Osa arroarrak egindako bidaia, zehazki. Gaur bertan izango da dokumentala ikusteko aukera, Ibarrako Txontxon, 19:00etan, eta bertan izango dira Iriarte eta Iztueta bidaiariak, solasaldian. 

Horrez gain, jarduera gehiago ere antolatu ditu klubak. Igande honetarako mendi irteera, esaterako. Ibarrako azken mugarrien bila osatuko dute ibilbidea, 19,4 kilometro dituena guztira, 860 metroko desnibel positiboarekin. 09:00etarako jarri dute irteera ordua, San Bartolome plazatik. Ez da aurrez izenik eman beharko. 

Norbaitek, ordea, Bidetxur Mendi Klubarekin harremanetan jarri nahiko balu, honako bide hauek erraztu dituzte: bidetxuribarra@gmail.com helbidera idatzita, edota Facebookeko eta Instragameko kontuen bidez.

Horrez gain, beste data bat ere badute begiz jota. Maiatzaren 22an orientazio proba egingo dute heldu zein umeentzat. Aurrerago emango dituzte xehetasun gehiago.  

Laponiako bidaia

1974an hainbat tolosarrek espedizio bat egin zuten Laponian, eta 2018an zati bat egitera joan ziren Iriarte, Iztueta, Dendaluze eta Osa. 50 minutu inguruko dokumental batean bildu dute, han bizitutakoa, hango bizimodua, Dendaluzeren irudiekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!