Burnizko estalkiak jarri dituzte Txumitxako zubitik aurrera

Ataria 2022ko apirilaren 29a

Errekaren albotik doan pasealekuan falta ziren estalkiak jarri dituzte kaleko hondakinak eta zaborrak errekara erortzea galarazi ahal izateko.

Burnizko estalkiak jarri dituzte Emeterio Arrese kaleko Txumitxako zubitik aurrera doan zatian. Errekaren albotik doan pasealekuko barandaren azpian jarri dituzte falta ziren estalkiak. Helburua da eragoztea kaleko hondakinak eta zaborra errekara erortzea.

Aurretik, Idoiaga kalean jarri zituzten, proba moduan, eta eraginkortasuna ikusi ondoren, errekaren ibilbide osoan jarri dituzte. Igor Zapirain alkateak pozik hitz egin du egitasmoaren inguruan: "Garrantzitsua da ingurumena zaintzea, eta estalkien bidez erreka apur bat garbiago mantentzea lortuko dugu". Bestalde, gogora ekarri du irtenbide bakarra ez dela errekara zaborra erortzea galaraztea, baizik eta hondakinak sortzea saihestea, eta, bestela, modu egokian kudeatzea. ​

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!