Gaztetxea herriko gazte guztiek erabiltzeko eskubidea aldarrikatu dute

Ataria 2022ko api. 25a, 15:15

Gaztetxearen partaide izan diren eta izan nahi duten hainbat gazte, Ibarrako plazan.

Ibarrako hainbat gaztek gaztetxetik kaleratuak izan direla salatu dute eta gaineratu dute bitartekaritza saiakera bat egin duten arren, ez dutela erantzunik jaso.

Pasa den abenduan Ibarrako hainbat gaztek salatu zuten gaztetxetik bota zituztela eta gutuna argitaratu zuten. “Publiko egin genuen eskutitza aurrez egoera bideratzeko egindako hainbat saiakera eta gero idatzi genuen eta lau lerrotan herriko gaztetxeak herriko gazte guztiei irekita egon behar dela adierazi genuen, beste ezertan sartu gabe. Jasotako erantzuna, gure ustez, erabat desproportzionatua izateaz gain, ez dator bat gertatutakoarekin, inondik inora”, esan du Unax Zabalak. Gehitu du arau hauste batzuengatik salatu zituztela, baina badakitela isuna jarri zaiela pertsona batzuei gaztetxea konfinamendu garaian erabiltzeagatik, “eta hor ez gaude kaleratuak izan garenetako inor. Beraz, guri leporatu zaizkigun arau hausteak baino larriagoak egon dira beste batzuen partetik”, gaineratu du.

 

Erantzunaren bigarren zatian Ibarrako Gazte Asanbladak sigla eta leia politikoak aipatu zituela esan dute eta erantzun dute ez direla sigla borroka horretan sartuko. “Berriro diogu, herriko gaztetxea herriko gazte guztientzat aldarrikatzen dugu, besterik ez”. Gutun horiek eta gero bitartekaritza saiakera bat egin zela azaldu dute. “Gaztetxeko kide izandako hiru kide elkartu ziren egun gaztetxeko asanbladakoak diren bi kiderekin, elkarrizketa bat ireki eta arazoari konponbidea eman nahian. Horren ondoren beste bitan jo dugu beraiengana elkarrizketa bila, baina ez da inongo erantzunik izan”.

 

Egoeraren aurrean “gaztetxetik kaleratuak izan garen herriko gazteak eta ez gu bakarrik, baita etorkizuneko belaunaldi berriak izango direnak ere, era askean herriko gaztetxeaz gozatu, herriko gazteekin harremana izan eta parte hartzeko eskubide osoa” dutela aldarrikatu du Beñat Rubiñosek. Ideologia politikoak alboratu eta gaztetxe ireki bat nahi dutela esan dute: “Gaztetxeak gehiengoak erabakitako ibilbidea izango du noski, baina denon parte hartze librea bermatuta eta inor kaleratu gabe. Herriko gaztetxea herriko gazte guztientzat irekia, hori da arazoaren muina eta bestelako gogoeta guztiak soberan daude”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!