Aniztasunaren festa, Haurren Nazioarteko Egunean

Ataria 2022ko apirilaren 25a

Larunbat honetarako, apirilaren 30erako egitaraua antolatu du Ibarrako Udalak; denetariko ekimenak egingo dituzte arratsaldean zehar.

Ibarrako Udalak egitaraua antolatu du datorren larunbatean Haurraren Nazioarteko Eguna ospatzeko. 'Alkatea bai esan' ekimenetik dator eguna antolatzeko proposamena, eta aurten aniztasuna du abiapuntu. Ibarra herri anitza izanik, denetariko ekimenak antolatu dituzte larunbat arratsalderako eta ekintza guztietan kontuan hartuko dute aniztasuna, besteak beste, musikak bat egingo du jatorri ezberdinetako gizartearekin, jolasek askotariko kultur ikuspegia izango dute eta janari dastaketan hainbat herrialdetako gastronomia izango da. 

Igor Zapirain alkateak azaldu du hainbat helburu dituela egitasmoak: "Batetik, haurrei duten garrantzia aitortu nahi diegu, eta nazioarteko eguna aukera polita da horretarako. Bestetik, ezinbestekoa da aniztasuna txertatzea, Ibarra herri anitza izanik, oinarrian izatea nahi dugulako errespetua, eta kulturen aberastasuna zein elkarbizitza".

Egitaraua

  • 16:00 - 16:30 Ipuin-kontaketa eta tailer txikia (HHko umeei zuzendua).
  • 16:30 - 17:30 Altxorraren bila (adin guztiei zuzendua).
  • 17:30 - 18:00 Munduko janariak dastatzen (adin guztiei zuzendua).
  • 18:00 - 18:30 Futbolin-txapelketa (LH3tik, LH6rra bitarte).
  • 18:30 - 19:00 Buruhandiekin korrikaldia.
  • 19:00 - 19:30 Materiala jasotzea eta txukunketa.​

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!