ELKARRIZKETA

«Ezagutzaren maila oso altua da, beraz, salto egin behar dugu erabilerara»

Irati Saizar Artola 2022ko api. 24a, 10:58

Euskararen kale erabileraren 2021eko datuak eman dituzte Uemak eta Galtzaundi Euskara Taldeak, eta Ibarraren kasuan, lau puntu egin du behera, 2017az geroztik. Tomas Ugaldebere (Donostia, 1974) Ibarrako Udaleko euskara teknikariak kezkaz begiratzen dio gaiari, eta bereziki gazteengan eragin nahi du, ezagutza badagoenez, erabilerara salto egiteko.

Gazteen kontsumo ohituretan eragin beharra ikusten du udalak, euskararen kale erabilerako datuek beherakada izan dutelako; jakin badakite, beraz kalean ere erabili dezaten jarri nahi dituzte indarrak.

Azken lau urtetan lau puntu egin du behera euskararen kale erabilerak. Zein irakurketa egin duzue?

Kezka puntu bat ematen digu. Jendeak euskara gehien dakien momentua da hau berez, eta ezagutzaren maila oso altua da eskualdean eta Ibarran. Erabilera hori kalera ez iristea kezka iturri bat da ordea; salto egin behar dugu ezagutzatik erabilerara. Guk udaletik, kale neurketa bi urtetik behin egiten dugu, eta gure azken neurketatik oraingora, 2019tik 2021ekora, saltoa handiagoa da, gure arabera lau puntu baino gehiago jaitsi da.

Joera hori zergatik ari den gertatzen badakizue?

Pandemiak zerikusia izan duela uste dugu, bereziki, pandemian egin den kontsumoak eta sortu diren ohitura berri horiek. Mugikorraren kontsumoa handia izan da, Internetarena edota Netflix plataformarena ere bai, eta eragin handia izan du gehienbat gazteen kontsumoan. Izan ere, adinekoen neurketak eboluzio naturala daukala ikusi dugu eta gazteengan egon da jaitsiera.

Kontsumoa eta hizkuntza erabilera lotuta daude?

Hori da, ohitu egiten dira gaiaz erdaraz hitz egitera. Netflixeko serie bat ikusi eta lagunekin serieaz hitz egin behar dutenean, erdaraz hitz egiten dute. Orain hasi gara entzuten Netflix serie batzuk euskaratzen hasiko dela, ea egia den.

Horrez gain, udala Ueman sartu zen pasa den abenduan, eta horrekin batera, Uzturpe ikastolan kontsumoen inguruko inkesta bat egin dute. Oraindik emaitzak jaso gabe dauzkagu eta eskuartean ditugunean nik uste pistaren bat emango digutela gazteengan zer pasatzen ari den jakiteko. Izan ere, euskara ezagutzen dute, inoiz baino maila hobea daukate, baina gero erabilerarako salto hori falta zaie.

Ezagutzaren datuen arabera, %69k daki euskaraz Ibarran.

Zentzu horretan datuak oso onak dira. Kontua da zergatik ez den erabiltzen. Etxean geratu garenean ez dutelako euskaraz kontsumitu? Baliteke eta badu zentzua. Kontsumoko datuek hori erakusten badute, Galtzaundi eta Uemarekin elkarlanean hasi beharko dugu horri nola buelta eman ikusteko.

Euskara teknikariak zer egin lezake horrelakoetan?

Gabezia non dagoen identifikatu eta hor eragiten saiatu gaitezke, formazioak emanez, jarduerak antolatuz, baina gehienbat kontzientzia piztean dago gakoa. Euskara badakigu, bada erabili; ez da hor dagoen zerbait, gu gara, euskara gugan dago. Kontzientziazio hori behar dugu, eta horri begira lan egin beharko dugu.

Ez da lanik errazena izango kontzientziazioarena.

Ezin dugu sartu bizitza pribatuan, beraz, arlo publikotik, kalearen ikuspuntutik egin beharko dugu lan. Aurten ere Euskaraldia badator, hori ere baliatu beharko genuke, eta ez dadila izan hamaika eguneko ariketa bat soilik, ardura horiek ez daitezela amaitu Euskaraldia amaitzearekin batera.

Bestela, euskara ikasten zenbat jende ari da Ibarran?

Gutxi gorabehera hogei ikasle inguru dauzkagu urtero, eta normalean jarraipena izaten duten ikasleak izaten dira. Guk esfortzua saritzen dugu eta udaletik saiatzen gara %100ean diru laguntza ematen, nahiz eta titulurik ez atera. Horrez gain, aspaldidanik ez genuen lortzen, eta pandemia aurretik lortu genuen mintzalagun talde bat sortzea Ibarran. Badago gogo bat euskararen inguruan, erabiltzea falta da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!