Emakumezkoen Txapelketaren II. edizioa antolatu du Lauburuk

Ataria 2022ko api. 20a, 07:57

Igande honetan izango da, Belabieta kiroldegian. Hiru talde gonbidatu dituzte eta egun osoko txapelketa izango da.

Emakumeen areto futbola indartzeko apustua egiten jarraitzen du Lauburuk. Lan horretan, apirilaren 24rako, emakume alebin, infantil eta kadeteei zuzendutako Emakumezkoen Txapelketako bigarren edizioa antolatu dute.  

2019-2020 denboraldian egin zen lehena, eta izandako "arrakasta" ikusita, aurten ere hiru klub gonbidatu dituzte, txapelketa «ahalik eta osoena» izan dadin: Iruñeako Lacturale Orvina, Kantabriako CDE Muslera eta Zaragozako FSF Cesar Augusta. 

Alebin eta kadete mailako talde bana ekarriko dituzte nafarrek, kantabriarrek infantil talde bat, eta zaragozarrek kategoria bakoitzetik talde bana. Txapelketa 09:00etan hasiko da Belabietan, Xepla elkartean atsedenaldia egingo dute bazkaltzeko, eta ondoren, 17:45ak aldera arte luzatuko dira finalak.  

Lauburutik esan dutenez, emakume futbolariei ahalik eta gehien gozatzeko aukera eskaini nahi die txapelketaren bidez, izan ere, gogorarazi nahi dute Gipuzkoako oinarrizko kategorietan emakumezkoen talderik ez dagoela. Emakumeen kirolaren aldeko deialdia egin dute: "Haiek irekiko diete bidea atzetik datozenei".  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!