Gizonezko bat hil eta beste bat zauritu da auto batek harrapatuta

Ataria 2022ko apirilaren 15a

14:30ak aldera gertatu da ezbeharra; hildakoak 54 urte zituen eta ezaguna zen herrian loteria saltzailea zelako.

Gizonezko bat hil da eta beste bat arin zauritu da Ibarran eguerdian izandako istripuan. Ertzaintzak jakitera eman duenez, auto batek bi pertsona harrapatu ditu.

14:30ak aldera gertatu da istripua, Gi-2130 errepidean, Ibarrako sarreran. Gurpildun aulkian zihoan gizonezkoa larri zauritu da istripuaren ondorioz. Larrialdi zerbitzuek ezin izan dute ezer egin, eta lekuan bertan hil da. Berarekin zegoen gizonezkoa arin zauritu da, eta istripua izan den lekuan artatu eta gero ospitalera eraman dute.

54 urte zituen hil den gizonezkoak, eta ezaguna zen herrian loteria saltzailea zelako.

Ertzaintzak esan duenez ikerketa abiarazi du gertatutakoaren zergatiak argitzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!