Lauburu Ibarrak urtebetez berritu du Jota Arregi

Ataria 2022ko api. 6a, 07:57

Denboraldiari amaiera emateko lau jardunaldi falta direnean, Lauburu Ibarrak «ilusio handiz» iragarri du Jota Arregi entrenatzaileak 2. B mailako taldea zuzentzen jarraituko duela beste urtebetez. Horrela, entrenatzaile gasteiztarrak hirugarren urtea beteko du jarraian lehen taldearen buruan.

Arregi ez zen garai errazean estreinatu Lauburun. Izan ere, bete-betean harrapatu zuen pandemiak. Hala ere, oso emaitza onak lortu ziren eta gutxi falta izan zen Bigarren Mailara igotzeko fasea jokatzeko postua eskuratzeko. Bere ibilbidea positiboki baloratuz, beste denboraldi baterako berritu du Lauburuk. «Oraingo honetan ere, hainbat egoera gogorri egin behar izan dio aurre, batez ere, taldea ia osorik berregituratu behar izan dela kontuan hartuta». azaldu dute klubetik.

Lauburuko kirol zuzendaritzak Gabonetan proposatu zion jarraipena Arregiri, teknikari gasteiztarraren lana «zalantzarik gabekoa» zelako, «eta argi zegoelako lana eta emaitzak ez doazela beti eskutik». Gainera, denboraldian zehar izandako gorabeherek emaitza horietan pisu handia zutela jakinda, «ezerk ez du zalantzan jarri klub morera iritsi zenetik egindako esfortzua».

Dena den, sailkapenari lotuta egun bizi den errealitateak ez zuen albistea aurreratzeko aukerarik ematen, eta orain arte itxaron nahi izan du klubak, egoera zertxobait bideratze aldera. «Beraz, salbazioa lortzeko borrokan jarraitzen dugularik, klubak egokitzat jo du akordioa publiko egitea, nahiz eta jakin badakigun jaitsiera posible batek gertaeren nondik norakoa alda dezakeela. Apirilean gaude eta asteak daramatzagu datorren denboraldiko ildo nagusiak lantzen, bi agertokiak une oro maneiatuz».

Horrekin lotuta eta albistea dela-eta indarberrituta, entrenatzaileak adierazi nahi izan du une honetan bere pentsamendua bakarra dela: 2. B mailan mantentzea. Etorkizuna zalantzazkoa dela jakinda ere, hitzarmena berritzea «lanean jarraitzeko eta geratzen diren partidei aurre egiteko» berrespena baino ez dela gaineratu du Arregik, betiere «zuzendaritzaren babesarekin». Entrenatzaileak, bide batez, asko eskertu du beregan jarritako konfiantza.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!