Ibarrako Udalak bat egin du Oinherri herri hezitzaileen sarearekin

Ataria 2022ko martxoaren 22a

Herri hezitzaileen sarean sartu da Ibarra, horrela, haur eta nerabeei herrian parte hartzeko bideak zabalduko zaizkie, eta formazioa eta aholkularitza emango dizkie udalari eta herriko eragileei.

Denbora da Ibarrako Udala herriko neska-mutilak erdigunera ekartzeko lanean hasi zela. Bada, orain, beste pausu bat gehiago eman du bide horretan Oinherriren herri hezitzaileen sarean sartuz.

Oinherri 2012an sortu zuten hezkuntzan eta umeen aisialdian aritzen diren hainbat elkartek, eta herri hezitzaileen filosofia txertatzea du helburu. Aurretik beste 28 udalerrik egin bezala, sare horretan sartzea erabaki du Ibarrako Udalak ere.

Herri hezitzaile izateak esan nahi du umeak eta nerabeak eskubide osoko pertsonatzat hartzea, eta, beraz, herrian parte hartzeko bideak zabaltzea. Horretarako laguntza emango du Oinherri elkarteak; besteak beste, formazioa eta aholkularitza emango dizkie udalari eta herriko eragileei. "Gaztezulorekin hasitako bidean beste pausu bat eman dugu herriko neska-mutilen garapenean", esan dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!