PSE-EE pozik, Pauso Berriak ekimenaren barruan egindako kontratazioa dela eta

Ataria 2022ko martxoaren 21a

Ibarrako Udalak pertsona bat kontratatu du Pauso Berriak programaren bidez eta PSE-EE alderdiko Fernando Narciso zinegotziak EH Bildu eta EAJ alderdiei erakutsitako sentsibilitatea eskertu die.

Ibarrako Udalak pertsona bat kontratatu du urte beterako Pauso Berriak programaren barruan. Programa Atzegi eta Gureak elkarteek sortu zuten eta helburua da adimen-desgaitasuna duten pertsonak kontratatzea, beren garapen pertsonala eta soziala errazteko. Pertsona hori astelehenetik ostiralera ari da praktiketan eta udalean prestakuntza jasoko du bulegoan lan egiteko eta hainbat zerbitzu egiteko. Martxoaren 15ean hasi zituen praktikak eta abenduaren 31ra arte egongo da lanean.

PSE-EE alderdia pozik azaldu da kontratazioarekin eta Fernando Narciso zinegotziak esan du Ibarrako Udala espazio inklusiboagoa izatea lortzea oso  pozgarria dela. "Are gehiago, garrantzi berezia du gaurkoa bezalako egun batean, Down Sindromearen Munduko Eguna ospatzen baita", gaineratu du. Gogorarazi duenez, duela urtebete inguru, adimen-desgaitasuna duten pertsonak kontratatzeari buruzko mozio bat erregistratu zuen udalean, eta udal gobernuari eskatu zion beharrezko kreditu aldaketa egin zezala Pauso Berriak programan parte hartzea diruz laguntzeko. Udalbatzak ondo ikusi zuen sozialisten ekimena, eta beraz EH Bildu eta EAJ alderdiei erakutsitako sentsibilitatea eskertu die. "Zorionez, Ibarrako Udalak aukera-berdintasuna eta guztiok lan-merkatuan heltzea bultzatuko du", esan du Narcisok.

Azkenik, adierazi du eguneroko gaiez arduratzea oso garrantzitsua dela. "Hurbileko politika da, txikiaren politika, baina gauza handiei eragiten diena, batez ere pertsonen bihotzari".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!