Ibarra sokatira taldea bigarren, 500 kiloko mailan

Imanol Garcia Landa 2022ko martxoaren 9a

Ibarra sokatira taldekoek amaiera eman diote denboraldiari. Azken jardunaldian, inauterietako asteburuan jokatu zena, emakumezkoen zortzikoak 500 kiloko finala zuen jokoan, eta bigarren postua lortu zuten.

«Gustura geratu ginen bigarren postu horrekin», esan du Ainara Otamendi taldekideak. «Beti, bigarren eginda, aurrenekoari begiratzen diozu, baina bigarren postua ez da makala. Hamar taldek abiatu genuen maila horretako txapelketa, eta badu bere esanahia bigarren izateak». Lehen postuan Beti Gazte geratu zen.

Lehen hiru postuetarako hiru talde ariko zirela borrokan ikusten zuten ibartarrek. Beti Gazte, Gaztedi eta Ibarra bera. «Finala izanik gose horrekin joaten zara, etxetik ideia jakin batzuekin. Lehen tiraldia Beti Gazteren aurka izan genuen, eta hori galdu genuenean konturatu ginen txapelerako aukerarik ez genuela izango, eta helburua bigarren postu horrengatik borrokatzea izan zen, hori behintzat lortu genuen, eta hori baloratzekoa da», esan du Otamendik.

Denboraldi berezia izan dela dio tiralariak: «Aurten Munduko Txapelketa tokatzen zen, baina osasun egoeragatik bertan behera uztea erabaki zuten denboraldiaren erdian. Guretzat hori gogorra izan zen, eta horri buelta ematea tokatu zitzaigun talde bezala». Zortziko txapelketekin hasi zirenean, «gero eta gusturago» zeuden Ibarrakoak. «Lehiako joko horretan sartzen joan gara eta azkenean oso gustura aritu gara».

Lortutako emaitzei begiratzerakoan, zortziko mistoan lortutako txapela aipatu behar da aurrena. Emakumezkoetan, lauko txapelketan bigarren postua lortu zuten, eta zortzikoan bi pisutan lehiatu ziren: pisu handian hirugarren, eta azkenekoan, 500 kilokoan, bigarren egin dute. Gizonezkoetan, lauko txapelketan bigarren egin zuten, eta zortzikoan, pisu handian, 680 kilokoan, hirugarren egin zuten, hurrengoan, 640 kilokoan, bigarren egin zuten, eta azken pisuan, 600 kilokoan, hirugarren. Beraz, bi taldeak podiumeko postuetan izan dira.

Argazkiak: Potronko

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!