Udaberria zetorren

Erabiltzailearen aurpegia Ion Mintegiaga 2022ko mar. 12a, 20:58

Eta holaxe, bat batean, bi urteko negu luzearen ondoren, elurra urtu da. Justu inauteri bezperetan, mozorroak prestatzeko tenorean, hainbat maskara erori dira.

Onartu behar da agintariek langintza zaila zutela aurtengoan inauterien tsunamiari iskin egiten, eta zapalduak izan ordez, aproposagoa iruditu zaie olatuaren gandorrera igo, parranda ofizialtzat onartu eta gidatzea.

Bai, bai! Aste batzuk lehenago herritarren zati bat kiroldegira ez sartzea ontzat jotzen zuten berberak!! Hamabi urteko neska-mutikoak kirol taldeetatik erauzteko erreparorik ez zutenak, alegia.

Lege zaharreko inauteriak izan dira bueltan, bata besteen besapeetako izerdiak dastatzeko horietakoak. Salbuespenak-salbuespen, maskararik gabe, noski. Bejondeiela edonola!

Gizarte bezala ordea, beldurra eragiten du mutur batetik bestera horrelako erraztasunez aldatzeko joerak; atzo sutara botako nuena, gaur sorbaldatik heldu eta aurrera.

Miseria asko utzi dizkigu izurriteak: moralak, etikoak, politikoak, sozialak. Bestelakoak ere bai zorionez! Hasierako konfinamendu gogorrean txalotzekoa izan zen zenbait herrietako alkate-zinegotziek, beren baliabide urriekin herritar bakoitza bazter ez uzteko ahalegina, janaria, wifia, ordenagailuak eskura jarriz. Hor hezkuntza komunitateko milaka langileak, protokolo ezberdinak aldiro egokituz. Hor tabernariak. Hor ehunka milaka guraso, arakatzaileen arrastorik gabe orekari eta zentzuari eusten. Hor gazteak, polizien bortizkeriapean beren bideak topatzen. Hor osasungintzako langileak, xahututa, dena ematen. Hor azken finean, herritar xumea, agintariez gain, beren kasa autoantolatzen.

Izurri honek praktikan erakutsi du hainbatetan hitzez esaten dena: herritarrak, langileok, ezinbestekoak garela errotaren gurpila birarazteko, baina alderantziz, ez hainbeste.

Behin inauterien tramite zoroa pasata, Benedetti buruan, udaberriak ertz bat puskatuta zekarrenik ez genuen espero

Behin inauterien tramite zoroa pasata, Benedetti buruan, udaberriak ertz bat puskatua zekarrenik ez genuen espero.

Berriro asaldura eta astindua, zimenduak kolokan. Berriro pausa, distantzia, perspektiba, lerro artean irakurri beharra... erantzunak berehalakoa behar duenean.

Berriro klasiko zaharren bigentzia argi izpiak eskainiz. Kasurako, Leninen «Inperialismoa, kapitalismoaren fase gorena».

Kievetik Donbassera, sufritzen ari diren herritar guztiak bihotz-burutan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!