Bidetxur Mendi Klubak bazkide kanpaina abiatu du

Asier Imaz / Irati Saizar 2022ko ots. 23a, 11:58

Ezkerretik eskuinera, Juan Zubia, Iker Aranalde eta Iban Amondarain, Bidetxur Mendi Klubeko kideak.

Mendiaz gozatzen jarraitzeko osatu da formalki taldea; orain bazkide berriak lortu nahi dituzte, ekarpenak egin eta denen kirol nahiak asetzeko.

Bidetxur Mendi Klubak bota ditu bere sustraiak Ibarran. Duela bi urte aurkeztu zuten taldea, baina orain, elkarte bezala erregistratu dira eta dagoeneko Euskal Mendi Federazioko kidea da. Klub berria izanik, bazkide berriak lortu nahi dituzte, proiektuko parte izan eta etorkizuneko ekintzak proposatzeko. 

Korrika, mendian edota bizikletan ibiltzen zirenek ikusi zuten inguruko herrietako jendeak bere kamisetak zituela, eta Ibarran halakorik ez zutenez, hortik sortu zitzaien ideia talde bat osatzeko. Hala kontatu du Juan Zubia Bidetxur Mendi Klubeko kideak: "Ibarrakook bakoitza bere kamisetarekin ibiltzen ginen, eta esaterako, Berastegiko edo Berrobiko norbait zela urrunetik ikusita jakiten genuen, kamiseta bera dutelako herri bakoitzekoek". Ideia horretatik tiraka sendotu da taldea, eta kamiseta identifikagarria du taldeak, kolore morea duena. 

Aurten jendea mendian federatzeko moduan dira. Dagoeneko 40 lagun federatu dira Bidetxur Mendi Klubaren bidez. "Orain arte Ibarrako jende asko Tolosan federatzen zen, eta horietako asko animatu dira gurekin federatzera, beste asko, berriz, federatuta harrapatu ditugu, ea datorren urtean gurekin animatzen diren", esan du Zubiak.

Federatzeko aukeraz gain, orain abian jarri dutena bazkide kanpaina da. Bazkide egiten denak «hainbat abantaila» izango dituela azaldu du Iker Aranalde klubeko kideak: "Bakoitzak bere ekarpenak egiteko aukera izango du, eta abantailak izango lituzke, adibidez, irteeretan". Bazkide izateko, urtean 20 euroko kuota finkatu dute, eta prezio horren barnean sartuko dira seme-alabak ere, 18 urte bete arte. Horrela, irteeretan, hitzaldietan edo halakoetan lehentasuna eta deskontuak izango dituzte.  

"Denera irekita" egon nahi dute. Mendi kluba izanik, sekzio bat baino gehiagotan aritzea dela asmoa azaldu dute. Besteak beste, BTT, mendi martxa, trail, eskalada edota formakuntza bezalako arloak jo dituzte begiz. Izan ere, klubeko kide askok martxa hartuta dute aurrez herrian bertan proba ezberdinak antolatzen: orientazio proba, mendi martxa edota mendi duatloia izan daitezke adibideetako batzuk.  Horiek antolatzen jarraitu nahi dute, eta horretarako jende gehiago gerturatzea nahi dute antolatzen laguntzera: "Neguan mendi irteeraren bat egitea ere bada asmoa, haurrekin ere gauza berriak egin nahiko genituzke, eta ikastolarekin koordinatzeko ere jendea beharko genuke". 

Herriko azpiegiturak aprobetxatu nahiko lituzkete, adibidez, "Belabieta kiroldegiak barruan nahiz kanpoan dituen rokodromoak". Baina Aranaldek gogorarazi du mendi talde bat sortu dutela, eta gogoa eta ilusioa dela behar dutena, "mendia besterik ez dagoelako inguruetan". 

Galdetegi bat ere zabaldu dute Whatsappez, jendearen ekarpenak jasotzeko. "Jendea ilusioarekin eta ideia berriekin etortzea behar dugu, denen artean aurrera egiteko". Gainerakoan, bazkide egin nahi duenak edo federatu nahi duenak zuzendaritzako kideekin harremanetan jartzeko eskatu dute. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!