Ibarra sokatira taldekoentzat izan da txapela

Imanol Garcia Landa 2022ko otsailaren 22a

Argazkia: POTRONKO

Iaz txapeldunak izan ziren modalitate mistoan, 580 kilokoan, eta aurtengoan berriro lortu dute: Ibarra sokatira taldekoek txapela jantzi zuten Belabietan larunbatean jokatutako txapelketan.

Ainara Otamendi taldekideak «oso pozik» daudela azaldu du: «Egun berezia izan zen, gainera etxean tiratzen genuelako. Gure helburua txapela lortzea zen, eta horixe lortu genuen».

Irabazteko nahiarekin joan ziren Ibarrakoak. «Txapelketa batera joaten garenean, gose horrekin joaten gara», esan du Otamendik. «Egia da aurkari zailak genituela eta txapelaren borrokan egoteko gauzak oso ondo egin behar genituela. Talde batzuk oso indartsu ikusten genituen eta inongo harrokeriarik gabe joan ginen txapelketara».

Bederatzi talde zeuden lehian eta denek denen aurka tiratu zuten eta puntu gehienak eskuratzen zituena geratzen zen txapeldun. Lau emakumezkok eta lau gizonezkok parte hartzen dute txapelketa mistoan, eta modalitate honetako zailtasuna elkar ondo hartzea da. «Denboraldian zehar neskak eta mutilak bakoitza bere aldetik aritzen gara. Eta mistoa berezia izaten da, elkar hartzea kosta egiten delako», azaldu du Otamendik. «Hasieratik sentsazio onak izan genituen, elkar ondo hartzen genuela eta tiraldi erabakigarrietan ere hori nabaritu genuen».

Larunbateko jardunaldiarekin gizonezkoei bukatu zaie denboraldia. Emakumezkoek, berriz, azken jardunaldia izango dute larunbat honetan, hilak 26, Laukizko pilotalekuan (Bizkaia). 17:00etan hasiko da lehia eta bertan 500 kiloko finala izango dute jokoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!