Hirugarren izan da Ibarra sokatira taldea 600 kiloko finalean

Ataria 2022ko ots. 17a, 11:57

500 kiloko mailan, finalera pasatzea lortu du, sailkapena lortzeko bi jardunaldietan bigarren postuan amaitu eta gero.

Sokatira txapelketako azken jardunaldian, bi lehia izan ziren jokoan Pobesen (Araba). Batetik, gizonezkoen 600 kiloko finala, eta bestetik emakumezkoen 500 kiloko bigarren jardunaldia. Gizonezkoen finalean sei talde aritu ziren eta Beti Gaztek irabazi zuen txapelketa, eta Ibarra hirugarren izan zen.

Emakumezkoen 500 kiloko bigarren jardunaldian Ibarra taldeak hirugarren postua lortu zuen, zortzi puntu eskuratuz. Beraz, eta lehen jardunaldian lortutako puntuak gehituta, sailkapeneko bigarren postua lortu du 17 punturekin, eta finalera pasa da. Ibarrarekin batera finalera pasa dira Beti Gazte, Gaztedi, Txantrea, Amaiur eta Abadiño A. Finala otsailaren 26an egingo da, Bizkaiko Laukizko pilotalekuan, 17:00etatik aurrera.

Asteburu honetan, zehazki larunbatean, hilaren 19an, Ibarrako Belabieta kiroldegiak hartuko du hurrengo txapelketa. 580 kiloko txapelketa mistoa izango da jokoan, eta 17:00etan hasiko da saioa. Jardunaldi bakarrean egingo da modalitate horretako txapelketa. Bertan izango da Ibarra taldea, eta beste zortzi izango ditu aurkari: Abadiño A, Abadiño B, Amaiur, Antsoain, Berriozar, Beti Gazte, Gaztedi eta Txantrea. Denak denen aurka lehiatuko dira, aurtengo txapelduna zein den erabakitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!