Esan daiteke, eztabaida ekonomikoetan nahasteko intentziorik eta hanka sartzeko beldurrik gabe, hazkunderako gero eta ezintasun gehiago dituztela herrialde kapitalistetako ekonomiek eta hori ez da soilik grafikoetan adierazten den zerbait, langile klaseak egunerokoan bere azalean bizi duen fenomenoa da krisi kapitalista.
Krisiak, batez ere, proletarizazioa eta pobreziaren areagotzea esan nahi du, horrela da behintzat langile klasearen ikuspuntutik. Proletarizazio prozesua deritzo, mendebaldeko herrialdeetan XX. mende hasieratik eta batez ere bigarren erditik aurrera egonkortu den ertain klasearen deskonposizioari. Beste hitz batzuekin esanda: orain arte lan finkoa, soldata «altua», egonkortasuna, zenbait jabetza pilatzeko gaitasuna, oporraldi garestiak antolatzeko aukera eta erretiroa ziurtatuta izan duten langile sektore horien posizio ekonomikoaren galera progresiboa da. Hori, maiz, belaunaldien arteko arrakalaren forman adierazten da gainera, aipatu gizarte-estratuan hazitako seme-alabek, oro har, ez baitute gurasoen bizi-baldintzarik ezagutuko, proletarioak dira.
"
Ertain klase modernoaren desagerpenak horri lotutako mundu ikuskeraren eta bizi-baldintzen dekadentzia ere esan nahi du. Azken hori, modu gero eta argiagoan adierazten ari da ongizate estatuaren zerbitzuen kalitate eta funtzionamenduari dagokionean esaterako, Ikusi bestela ekonomia gorakorraren momentu historikoan egonkortu ziren zerbitzu publikoen egungo ezintasun eta muga guztiak, osasungintza kasu. Beraz, krisiaren funtsa ekonomikoa da, baina ez da ekonomiara mugatzen.
Prozesu historikoaren noranzkoa aldatzeko gaitasuna duen indarrik antolatu ezean ideia bat egin dezakegu nolako etorkizun hurbila espero dezakeen proletariotzak. Horretarako, norbaitek pentsa lezake hautu egokia krisiaren adierazpen forma bakoitzaren aurkako erresistentzia borrokak antolatzea dela: osasun publikoaren, pentsioen edo lan-baldintzen defentsa adibidez. Modu partzial eta desantolatuan egiteak ordea, inpotentzia eta nostalgia erreproduzitzeko arriskutik gehiago izan dezake eraldaketarako indarretik baino: 2008 aurretik izandako horretara bueltatu nahi eta ezina.
Bestalde, alderdi, parlamentu eta instituzio politiko-burgesek gero eta tresna, gaitasun eta borondate gutxiago dute oinarri-oinarrizko ongizateak mantentzeko ere. Badirudi gero eta begi-bistakoagoa dela guzti horretatik aparte eta forma independentean batasun berri bat antolatzeko beharra, ez ordea borroka partzialen collage moduko baten eran, programa politiko iraultzailearen bueltan eta ongizate unibertsalaren ortzi-mugan baizik.