Bigarren egin dute Ibarrakoek 640 kiloko mailan

Tolosaldeko Ataria 2022ko urt. 26a, 15:55
Gizonezkoen Ibarra sokatira taldekoak, Belabieta kiroldegian, 680 kiloko finalean.

Ibarra sokatira taldeko gizonezkoek bigarren postua lortu zuten asteburuan jokatutako 640 kiloko mailako finalean. Berangon egin zen jardunaldia eta Beti Gazte izan zen irabazlea. Ibarraren ondoren, Zuraide, Ñapurrak, Amaiur eta Abadiño sailkatu ziren.

Berangon ere emakumezkoen taldea izan zen lehian. 540 kiloko mailan bigarren jardunaldia izan zuten jokoan, eta lehen jardunaldian gertatu bezala, hirugarren postua eskuratu zuten. Bi jardunaldiak kontuan hartuta, zortzi puntu ditu Ibarrak eta hirugarren postua dago. Larunbat honetan, hilaren 29an, jokatuko dute hirugarren eta azken jardunaldia kategoria horretan. Hiru jardunaldietan lortutako puntuen arabera egingo da azken sailkapena. Lehen postuan Beti Gazte dago, 11,5 punturekin, eta bigarrena da Gaztedi, 10,5 punturekin.

Larunbateko jardunaldia Bakioko kiroldegian egingo da, eta 17:00etan hasiko da. Saio horretan ere parte hartuko dute gizonezkoek, eta aurtengo 600 kiloko lehiaketari hasiera emango diote, lehen jardunaldia eginez. 11 talde, bi multzotan bananduta, lehiatuko dira: Ibarra, Abadiño, Gaztedi, Goiherri, Antsoain, Amaiur, Berriozar, Beti Gazte, Txantrea, Ñapurrak eta Zuraide. Maila horretan beste jardunaldi bat izango dute eta ondoren finala jokatuko dute.

Asteburu honetako Bakioko saioaren ondoren, beste lau saio egingo dira. Horietako bat, 580 kilokoa misto modalitatean (lau emakumezko eta lau gizonezko), Ibarrako Belabieta kiroldegian egingo da otsailaren 19an. Egun bakarreko lehia egingo da modalitate horretan, hau da, egun berean erabakiko da zein izango den txapelduna.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!