Liburutegi tutorizatuan parte hartzeko deia egin du Ibarrako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2022ko urt. 20a, 17:00

Astean bitan elkartzen dira ikasle eta boluntarioak, etxeko lanak egin eta liburuak irakurtzeko; egitasmoarekin jarraitzeko, jende gehiago animatu dadin nahi du udalak.

Martxan da aurten ere liburutegi tutorizatua Ibarran. Astean bitan elkartzen dira ikasleak eta boluntarioak, astearteetan eta ostegunetan, etxeko lanak egin, liburuak irakurri eta hausnarketak egiteko. Hiru urteko proiektu pilotua da, eta Lehen Hezkuntzako bosgarren mailatik hasita, Derrigorrezko Bigarren hezkuntzako lehen mailara bitartean irauten du. Egitasmoak aurrera jarrai dezan, herritar gehiagok parte har dezaten deia egin du Ibarrako Udalak.

Saioak gidatzen boluntarioak aritzen dira. Lehen saioan etxeko lanak egiten dituzte, eta bigarrenean liburuak irakurtzeko tartea hartzen dute, hausnarketak eginez. Kristina Martinez Arnaiza da boluntarioetako bat,  eta azaldu duenez, doakoa da ekimena eta "komunitatean lan egitea sustatzea du helburu". Esan du liburuak aukeratzerako garaian kontuan hartzen direla genero berdintasun irizpideak eta euskal literatura lantzen dutela.

Idoia Mendiaraz Bail da beste boluntario bat, eta liburutegi tutorizatua proiektu interesgarria dela nabarmendu du eta esan du etxeko lanak egiteko aukera egokia izan daitekeela: "Etxean denok izaten ditugu trabak etxeko lanekin laguntzeko, denbora falta dela, dela jakintza eza... Proiektu honek umeei espazio bat ematen die lan horiek elkarren artean egin eta elkarri lagunduz ikasteko".

Ikasleak "gogoz" joaten direla saioetara aitortu dute boluntarioek: "Errespetuz jokatzen dute eta elkarri laguntzen diote". Mendiarazen ustez, egitasmoa baliagarria da norberaren heziketa osatzeko ere; batetik, formakuntza saioak izaten dituztelako, eta bestetik, haurren ikuspuntutik asko ikasten dutelako. "Proiektu bateragarria da oso, benetan merezi du parte hartzeak. Horregatik, jende gehiago animatu nahiko nuke parte hartzera", esan du.

Liburutegi tutorizatuko ikasleak dira Aiora Altuna Mendiaraz eta Edur Armendariz Lekuona, eta biek diote "oso gustura" joaten direla saioetara. Proiektuaren abantailez ere aritu dira: "Lagunekin arinagoa da etxeko lanak egitea, eta errazagoa, talde lanak egitea. Gainera, etxera iristerako bukatuta izaten ditugu eskolako lanak". Esan dute, gainera, lagunekin denbora gehiago pasatzeko aukera izaten dutela horrela.

Alternatiba bila

Ibarrako Udalak 2019-2020 ikasturtean irakurketa plan herriko jarri nahi zuen martxan, baina COVID-19aren eraginez bertan behera utzi behar izan zuten. Proiektu hari alternatiba emateko hobetsi zuten liburutegi tutorizatuaren ekimena, zeinak oinarri zientifikoa ere baduen.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!