Gizonezkoak finalera, eta emakumezkoak oraingoz hirugarren

Ataria 2022ko urt. 18a, 07:58

Gizonezkoen Ibarra sokatira taldekoak, Belabieta kiroldegian, 680 kiloko finalean.

Sokatirako bi saio jokatu dira igandean, Bilbon. Gizonezkoen taldeak 640 kiloko mailan parte hartu du eta emakumezkoen taldeak 540 kiloko mailan.

Aurrera doaz pixkana zortziko sokatira txapelketak, eta igandean Ibarrako bi talde izan ziren lehian, Bilboko Casilla kiroldegian. Gizonezkoetan 640 kiloko mailan bigarren jardunaldia izan zuten eta finalerako txartela lortu zuten. Emakumezkoetan 540 kiloko mailan lehen jardunaldia jokatu zuten eta Ibarrak hirugarren postua lortu zuen.

Igandeko saioan, gizonezkoen taldeak bigarren postua lortu zuen, Beti Gazteren atzetik, lehenengo jardunaldian gertatu zen moduan. Beraz, erraz pasa da finalera Ibarrako zortzikoa. Guztira zazpi talde aritu dira lehian eta horietatik sei pasatzen ziren finalera. Txantrea geratu da azken saio horretatik kanpo, lehen jardunaldian ezin izan baitzuen parte hartu eta gero bigarrengoan seigarren postua bakarrik lortu zuelako. Hori horrela, Beti Gazte eta Ibarra taldeez gain, finalean Amaiur, Ñapurrak, Zuraide eta Abadiño izango dira. Finala Berangoko Kirol Gunean jokatuko da, urtarrilaren 22an, 17:00etatik aurrera.

Emakumezkoen kasuan, lehen jardunaldia izan dute 540 kilotan, eta baita zortziko txapelketetan. Hirugarren postua lortu zuten ibartarrek, 4 puntu lortuz, eta bere aurretik Gaztedi eta Beti Gazte geratu ziren, biak 5,5 punturekin. Laugarren Badaiotz izan zen, 3 punturekin, eta ondoren Abadiño A eta Abadiño B, hurrenez hurren, bi eta puntu bakarrarekin. Guztira hiru jardunalditan lehiatuko dira sei taldeak denek denen aurka, eta hiru jardunalditako puntuen batuketak erabakiko du zein taldek jantziko duen aurtengo 540 kiloko txapela. Hurrengo jardunaldia Berangon izango dute ere, gizonezkoekin batera.

Egutegiari begiratuz gero, urtarrilaren 22ko jardunaldiaren ondoren, urtarrilaren 29an izango dute hurrengoa tiralariek, eta Bakion jokatuko da. Emakumezkoen 540 kiloko mailako hirugarren eta azken jardunaldia jokatuko da eta gizonezkoen 600 kiloko mailako lehen jardunaldia. Ondoren, otsailaren 5ean, Erandion, 600 kiloko bigarren jardunaldia, eta emakumezkoen 500 kiloko lehen jardunaldia. Beste hiru jardunaldi jokatuko dira orotara, eta horietako bat Ibarran jokatuko da, otsailaren 19koa, eta bertan 580 kiloko misto txapelketaren finala izango da jokoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!