Mutilen sokatira taldeak ez du nahi bezalako hasiera izan

Imanol Garcia Landa 2022ko urt. 11a, 19:59

Gizonezkoen Ibarra sokatira taldekoak, larunbatean Belabietan jokatutako 680 kiloko finalean.

Ibarrako sokatira taldekoak hirugarren izan dira larunbatean Belabieta kiroldegian jokatutako 680 kiloko finalean. Igandean jokatutako 640 kiloko lehen jardunaldian, bigarren egin dute.

Sokatiran hasi dira denboraldi honetako zortzikoen mailako txapelketak, eta txapela jokoan izan den lehenengoan, mutilen 680 kiloko mailan, Ibarrako taldeak ez du nahi bezalako hasiera izan. Etxean jokatu zuten txapelketa, Belabieta kiroldegian, eta parte hartu zuten lau taldeen artean hirugarren postua lortu zuten. Lander Otermin Ibarrako tiralariak azaldu duenez, ez ziren pozik geratu eguna nola joan zen ikusita. «Azkenaldian arazoak izaten ari gara txapelketak hasten direnean. Dirudienez, gerora bizkortzen gara, eta ez gara aurreneko jardunaldi onak egiten zaleak». Biltzeko eta beraz entrenatzeko dauden zailtasunak ere aipatu ditu Oterminek: «Etxeko lanak ondo egin gabe joan ginenaren sentsazioarekin geratu ginen. Postuak elkarrekin aldatzen-eta aritu ginen, bakoitzak bere lekua topatu ezinik».

Maila horretan jardunaldi bakarra jokatu zuten, eta, beraz, horixe izan zen finala. Berez sei taldek eman zuten izena, baina bi ez ziren azaldu Ibarrara, COVID-19ko testetako positiboak zirela eta. Txapelduna Beti Gazte izan zen, Zuraidek bigarren egin zuen eta Ñapurrak izan ziren laugarrenak. Zuraidekoekin egon ziren lehia estuan, baina azkenean lapurtarren aldera joan zen bigarren postua.

Pisu handiena da 680 kilokoa, eta arazoak izan ohi dituzte Ibarra taldekoek pisua ondo betetzeko, baina oraingoan ez zutela horrelako aitzakiarik esan du Oterminek: «Pisua ondo beteta joan ginen, baina ez ginen oso gustura gelditu. Lehen jardunaldia zen, eta zuzenean finala, eta ez genekien ere beste taldeak nola egongo ziren».

IGANDEKOAN, GUSTURAGO

Bi saio izan dituzte asteburuan, eta bigarrengoan gusturago geratu zirela azaldu du Oterminek. 640 kiloko mailan lehen jardunaldia izan zen jokoan igandean Abadiñon, eta hor bigarren egin zuten. Beste jardunaldi bat falta da maila horretan eta hirugarrengoan finala izango dute jokoan. «Berez saio horretarako beldur handiagoa nuen, pisuz baxu joan ginelako, 625 kilo pisatuz, baina finalerako txartela lortzeko lehen pausoa zenez, lasaiago joan ginen eta oso gustura geratu ginen emaitzarekin».

Sei talde sartzen dira finalera, eta berez zortzi parte hartzaile izan behar bazuten ere, azkenean sei izan ziren lehian aritu zirenak. Beraz, esan daiteke ibartarrek dagoeneko lortu dutela finalerako txartela. Asteburuan jokatuko da bigarrengo jardunaldi hori, Bilboko Casillan. Jardunaldi horretan, hain justu, hasiko dira emakumezkoen zortziko taldeen txapelketak, eta lehenengoa 540 kilokoa izango da. Maila horretan bi jardunaldi izango dituzte finalerako sailkapena lortzeko.

600 kiloko mailan ere parte hartzeko asmoa du gizonezkoen taldeak, eta hor ere bi jardunaldi jokatuko dira finalera sailkatzeko. Hamar talde inguru izena emanda daude maila horretarako. Azken txapelketa mistoa izango da, taldea lau emakumezkoz eta lau gizonezkoz osatuta jokatzen den modalitatea, eta bertan parte hartzeko asmoa ere badu Ibarrak. Hori izango litzateke aurtengo azken txapelketa, eta martxoaren hasieran jokatuko da. Berez aurten Munduko Txapelketa jokatzekoa zen, baina bertan behera geratu da, eta dirudienez hurrengo urtean egingo da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!