ELKARRIZKETA

«Eskuz egindakoak goxotasuna eta ukitu humanoa ematen dio diseinuari»

Jon Miranda Labaien 2022ko urt. 8a, 07:58

Pereda Tolosako Samaniego kalean duen Kontuz Kreatiboak izeneko estudio eta tailerrean. J. MIRANDA

Tolosan kokatuta dagoen diseinu grafikoko artisau tailerreko arduraduna da Aritz Pereda San Sebastian (Ibarra, 1984). Kontu handiarekin, arreta handiarekin, mimoz eta behar bezainbesteko denbora hartuta egiten du lan. Hortik bere proiektuari jarri dion izena: Kontuz Kreatiboak.

Diseinuetan gerturatze fisikoari ematen dio garrantzia, eskulanari. Emaitzari bezainbeste erreparatzen dio sormen prozesuari eta denbora hartzen du lanerako. Eskuz egindakoak balio gehigarria du beretzat.

Noiz eta zergatik sortu zenuen Kontuz Kreatiboak proiektua?

2016an abiatu nuen proiektua. Nik aurretik, hamar urte neramatzan Ibarrako diseinu grafikoko enpresa batean lanean. Hainbeste denboraren ostean, neure burua ez aurrera ez atzera ikusten nuen eta beste zerbaitetan hasi behar nuela sentitu nuen. Jakin nuen Lehiberrin enpresa haztegi bat zegoela martxan. Nire asmoak azaldu nizkien eta animatu ninduten nire kontura jar nendin. Bi urte eman nituen han eta gero lokala hartu nuen hemen, Samaniego kalean, Tolosan. Ordutik hemen ari naiz lanean.

Zure proiektuan eskulangintzak garrantzia handia du. Zergatik aukeratu zenuen lan egiteko modu hau?

Nik diseinu grafikoarekin lotutako goi mailako gradu bat egin nuen Urnietan eta han ere ordenagailuarekin lan egitera bideratzen gintuzten. Horri buelta bat ematea neukan buruan, beti gustatu izan baitzait artisautza eta eskuekin lan egitea. Pentsatu nuen hori izan zitekeela nire puntua, nire ekarpena. Begiratzen baduzu, antzematen da egiazkoak direla nik egiten ditudan lanak. Atzean dagoen materiala ikusi egiten da eta gustatzen zait bolumenarekin jolastea. 

«Begiratzen baduzu antzematen da egiazkoak direla nik egiten ditudan lanak. Materiala ikusi egiten da»

Zein da zure diseinuen abiapuntua? 

Lan bati ekiten diotenean beti pentsatzen dut nola egin daitekeen egiazkoa den zerbait. Gerturatze bat egiten dut materiala bera erabilita, gero horri argazki bat atera eta ordenagailura pasatzen dut. Proiektuaren arabera material bat edo bestea aukeratzen dut, hori izaten da abiapuntua. Bilaketa prozesu bat izaten da, pantailatik atera eta irudimenari eragin behar izaten diot. Lanaren arabera, batzuetan azkarrago edo besteetan motelago etortzen zaizkizu ideiak. 

Diseinu bakoitza pentsatzeko eta prestatzeko hartzen duzun denborari garrantzia ematen diozu? 

Ordenagailuan lan egiteak bat-batekotasun hori ematen dizu. Berehala egin daitezke lanak eta edozer gauza sortu daiteke modu digitalean. Nire kasuan, ez da hain erraza, artisau moduan lan egiteak denbora eskatzen du. Horregatik gustatzen zait prozesu guztia dokumentatzea eta bezeroari erakustea. Bion artean elkarrizketa bat sortu eta bezeroa irekita badago elkarrekin negoziatuz adosten ditugu pausoak.

Uste duzu bezeroek, oro har, balioa ematen diotela diseinu grafikoari?

Badaude batzuk baietz. Ikusten dute sortutako diseinuak ordezkatzen duela berak esan nahi duen hori eta prozesuaren parte izan den heinean berea sentitzen du baita emaitza ere. Gero badaude beste bezero batzuk kartel bat, edo logotipo bat eskatzen dizutenak eta harago joan nahi ez dutenak. Nire lana izaten da haiek konbentzitzen saiatzea, haiekin informazioa partekatzea eta nire lan prozesuaren parte bihurtzea.

Askotan eskatzen al dizute enpresa edo entitate baten iruditeria osoa lantzea? 

Bai. Diseinatzaile grafiko gisa, onena horixe da. Zuri irudi osoa lantzea eskatzen badizute koherentzia landu dezakezu. Ikuspegi orokor bat emateko aukera ematen dizu irudi osoa diseinatzeak. 

Zaila egiten zaizu zure lanei prezioa jartzea? 

Ez da erraza. Artisautza sartzen denean prezioak aldatu egiten dira. Nola baloratu lan hori pentsatzen, prestatzen eta lantzen eman duzun denbora? Sorkuntza lanei dirutan balioa ematea zaila da. Hala ere, diseinu on bat inbertsio bezala ulertzen duen bezeroak errazago ordainduko du. Ulertu behar dute gurea ez dela torlojuak egitea. Badirudi honetan aritzen garenak afizioz soilik ari garela. Garai batean, garrantzi handia ematen zitzaion eskulangintzari; letragileak egoten ziren, errotulatzaileak eta abar. Gero ordenagailuen bolada etorri zen eta informatikan ondotxo moldatzen zen edozeini enkargatzen zitzaion kartel bat edo diseinu bat egitea, horrekin nahikoa balitz bezala. Uste dut orain bueltatzen ari garela lehengo garaietara. Jendeak badu kezka gauza hauekin. Esklusibotasun horren bila dabil bezeroa.

«Bion artean elkarrizketa bat sortu eta bezeroa irekita badago, elkarrekin negoziatuz adosten ditugu pausoak»

Enkarguz egiten dituzu lanik gehienak?

Bai. Egiten dudan lanen %60 inguru enkarguak izaten dira eta gainerako %40, berriz, esperimentazioa. Nire interes eta kezketan arakatzen saiatzen naiz eta horri denbora eskaintzen diot. Azken batean, gerora etorriko diren lanen oinarrietako asko aurrez esperimentatutakoetatik datoz. Tailerrean egiten dudan lan horrek ematen dit jakinduria eta ezagutza, gero beste lanetarako esperientzia bezala balio didana. Trebatu egiten naiz teknika ezberdinetan.

Zein material erabiltzen duzu gehienbat? 

Denetarik erabili izan dut. Hormigoia, adibidez, azkeneko lanetako batean. Baina bestela edozer gauza zait baliagarri. Egia da, Tolosan egonik, papera oso presente dudala eta nire diseinu askoren oinarrian dagoela. Oso material noblea da eta oso moldagarria. Egitura sendoak edo finak sortzeko balio dizu eta momentu batean margotu dezakezu edo erre, komeni zaizunaren arabera. Aukera asko ematen du.

Eskuz egindakoak, ordea, akatsa izan dezake. 

Bai. Baina eskuz egindakoak goxotasuna eta ukitu humanoa ematen dio diseinuari. Ordenagailuz egindakoa ia perfektua da. Niri erakartzen nauena, ordea, inperfekzioa da. Pertsona batek egin duela sumatzea. Inperfekzioa da gizakiak uzten duen lorratza.

Zurea diseinu grafikoko estudio bat edo tailer bat? 

Espazio hau diseinatu genuenean tailer bezala irudikatu genuen. Tailer grafikoa deitzen diot. Ez da, ez bulego bat, ez denda bat. Txokoak daude ezberdinduta: ordenagailuarena, muntaiarena, argazki estudioarena. Egindako lanak ere ikusgai daude gerturatzen diren bezeroentzat.

Zure ibilbidean zer-nolako diseinuak landu dituzu batez ere?

Gehienbat kartelak, tabernetarako arbelak, logotipoak, katalogoak egiten ditut. Niri gehien gustatzen zaidana kartela da, berehalakoa delako, segituan sartzen delako begietatik. Lehenengo momentutik arreta deituko duen kartel bat sortzea izaten da nire helburu nagusia.

Inoiz aurkeztu al zara kartel lehiaketaren batera? 

Bai, baina utzita daukat dagoeneko. Eskolan bertan bultzatzen gintuzten horretara, lehiaketetara aurkeztu eta irabaziz gero izen bat hartu dezakezulako. Dena den, ni etsiak hartuta nago aspaldi honetan. Lehiaketa hauetako askok sare sozialetan izaten dituzun atsegite kopuruaren arabera ebazten dira, eta hori ez dut gustuko. Uste dut diseinu grafikoak beste kontsiderazio bat beharko lukeela. Ni dagoeneko ez naiz horrelakoetara aurkezten.

Zein abilidade garatu behar ditu zurea bezalako lan batean jardun nahi duenak?

Pazientzia behar da, eta batez ere, kuriositatea. Nik horri garrantzia handia ematen diot. Kalean noala ere adi ibiltzen naiz, ikuspegi grafikotik, teknika berriak nola landu ditzakedan pentsatzen dut. Ni nahikoa ipurterrea naiz. Gustatzen zait gauza ezberdinekin esperimentatzea, gauza berriak probatzea. Iruditzen zait aukerak mugagabeak direla. Begiak zabalik izaten ditut eta erne egoten naiz. Obsesionatu gabe, baina nire bizitzan diseinua presente dago denbora guztian. 

Modak oso markatuta etortzen dira diseinu mundura? 

Diseinu grafikoan beti egon dira modak. Oso gauza zehatzak izaten dira, tipografia edota kolore jakin batzuk boladan egoten dira. Nik begiratzen diet horrelakoei baina ez dut uste oso moda zale naizenik. gehiago lerratzen naiz nire filosofiari.

Sare sozialak zenbateraino dira garrantzitsuak zure lana zabaltzeko? 

Niretzako salmentarako modu bat da. Dagoeneko atez ate joatearenak ez du zentzu handirik nire ofizioan. Sare sozialetan jartzen ditut egindako lanak eta erakusten dut lan horiek egiteko eraman dudan prozesua. Garrantzia handia dute. Sare sozialak ez dira dena, ez duzu obsesionatu behar horrekin. Niretzat marketin erreminta bat da. Badut webgunea, Instagram-a eta Facebook-a. Interesa duten bezeroek bide horietatik jarri daitezke nirekin harremanetan edo bestela Samaniego kalean Tolosan dudan tailerrera gerturatuta. 

Bizitzeko modu bat da zuretzat diseinu grafikoa modu honetara lantzea? 

Bai. Nik aukeratu dut bizimodu hau. Agian ez da lehen neukana bezain erosoa. Autonomi gisa jarduteak beti dakar ziurgabetasuna. Hala ere, horrek bizitasuna ematen dit eta askatasuna. Bizibidea atera daiteke ofizio honetan, baina niretzat sortzea, batez ere, bizimodua da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!