Estigmatizazioak bere bidea egin du «negazionista» adieraren eskutik. Lur Lauan sinisten dugula, xamanismoan. Horko gutxieste, irain eta memeak. Sarean nahiz komunikabideetan, ezker-eskuin.
Lurra ereinda zegoen. COVID ziurtagiria, segregazioa; jende askoren babesarekin. Bertigoa. Gure lagun, senide eta lankideek ez ote gaituzte aldamenean nahi?
Jende arruntaren partetik sumatu da elkartasuna, konplizitatea. Ezkerreko mugimenduetatik gutxi. Kontrara, indibidualismoa eta ultraeskuina hauspotzea leporatzen zaigu; mingarria.
Ziurtagiriaren aurka garbi agertu diren eragileak kontatuak izan dira: LAB sindikatua, Mugimendu Sozialistako gazteak eta Bizitza plataforma; Iparraldean EH Bai. Bakoitza bere ñabardurekin.
Borroka politiko kolektibo baten parte izateagatik espetxean nintzela hasi nintzen gehienbat osasunean arreta jartzen. Medikazioa legezko droga gisara erruz erabiltzen zen. Tabakoa utzi nuen. Gose grebak hobeto prestatzen nituen denborarekin.
Kalean gaixotu izan naizenean nahiago izan dut arin jan, atseden hartu eta gorputzari denbora eman. Ulertzen dut noski minaren eraginez medikatzea. Gaixotasun larriren bat sentituko banu, osasun publikora joateko erreparorik ez nuke izango, diagnostikoa jaso, kontrastatu eta beren eskuetan geratzeko. Langileen maila profesionala eta humanoa aparta da.
Lurra ereinda zegoen. COVID ziurtagiria, segregazioa; jende askoren babesarekin. Bertigoa. Gure lagun, senide eta lankideek ez ote gaituzte aldamenean nahi?
Baina txertoek ez naute konbentzitzen. Gorputza prebentiboki kanpotik gaixotzeak balizko gaixotasun handiago bat ekiditeko errespetua ematen dit. Izatekotan, COVIDaren aurkakoekin izan dut zalantza gehien, izurria naturalki apaldu artean leungarri gisa izan daitekeelakoan. Babes bat eragiten dutela onarturik, komunikabideen alderaketa handiak xehatu, lerro artean irakurri, albo-kalteak eta osotasuna kontutan hartuta, erabakian berresten jarraitzen dut, are gehiago gabon bezperako leherketa eta aldaeren joera ikusita; labur.
Ziurtagiriaren aldekoei osasun argudioak uxatu zaizkielakoan nago. Baina afera ez doa hortaz. Osasungintza publiko eta integrala da gakoetako bat, ez bakarra.