'Ez zaude bakarrik!' kanpaina aurkeztu dute Ibarran

Jon Miranda Labaien 2022ko urt. 3a, 16:24

1.800 puntu more itsasgarri banatuko ditu Ibarrako Udalak eta horien bitartez indarkeria matxista kasu baten aurrean nola jokatu azalduko zaie herritarrei. Kanpaina osatzeko bi tailer egingo dira urtarrilaren 18an eta otsailaren 1ean.

Komunitate modura indarkeria matxistari aurre egiteko deia luzatu die Ibarrako Udalak herritarrei. "Beharrezkoa da begiak ez ixtea eta posizionatzea", esan du Agurtzane Arribillaga Politika Feminista eta Aniztasun zinegotziak. Horretarako Ez zaude bakarrik! kanpaina jarri dute martxan. Herriko etxe eta lantoki guztietara 1.800 puntu more itsasgarri banatuko dituzte: kanpainaren leloa sei hizkuntzatan ageri da bertan, eta QR kode batean bitartez, indarkeria matxistaren aurrean koordinatzeko protokoloari eta herrian dauden baliabideei buruzko informaziorako sarbidea ematen zaie herritarrei.

Arribillagak esan du herritarrak "konplize" nahi dituztela emakumeenganako indarkeriaren aurkako borrokan. "Indarkeria mota hori gure gizartean, gure herrian, gure auzoan eta gure atarian dago", azpimarratu du zinegotziak, eta hori berresteko, Ibarrako Gizarte Zerbitzuetan azken bi urteetan jaso dituzten datuak eman ditu. "Azken bi urteetan, 20 emakumek genero indarkeria jasan dute Ibarran. 20 emakume horietatik 17k salaketa jarri dute, zortzik babes agindua dute, bederatzi laguntza psikologikoa jasotzen ari dira eta haietako bat seme-alabekin dago Ibarrako larrialdi etxebizitza batean".

Horiez guztiez gain, Ibarrako udal ordezkariek esan dute kasu ikusezinak ere badaudela eta horietan jarri nahi dutela arreta kanpaina honekin. Indarkeria matxistaren ibilbidean lau fase bereizten dituzte adituek: detekzioa, informazioa, balorazioa eta arreta. Ez zaude bakarrik! kanpainarekin lehenengo bietan jarri nahi dute azpimarra. "Inguruan indarkeria mota hau gertatzen dela sumatzen badugu zein pauso eman ditzakegun azaldu nahi dugu egitasmo honekin. Garrantzitsua da komunitateak eman dezakeen babesa".

Puntu more itsasgarrian topatuko duten QR kodea eskaneatuta, Ibarran indarkeria matxistaren aurrean koordinatzeko protokoloari buruzko informazio guztia jaso ahal izango dute herritarrek, "modu labur eta ikusgarrian". Bideo batzuen bitartez, sexu eraso, eraso fisiko edo eraso psikologiko baten aurrean nola jokatu azaltzen da bertan. Ikus-entzunezko horietan, azpitituluak gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, errumanieraz eta arabieraz irakurri ahal izango dira. Puntu more itsasgarrian ere hizkuntza horietan ageri da Ez zaude bakarrik! leloa.

Informazio hori ematearekin batera, erasoa jasan duen pertsonak eskura dituen baliabideen zerrenda ere ematen dute udaleko web gunean. "Behin detekzio eta informazio fase hori eman ondoren, balorazioa eta erasoa jasan duten pertsonen arreta zerbitzu espezializatuek daramate", esan du Arribilllagak. Ibarrako Gizarte Zerbitzuetan egiten duten lana aipatu du zinegotziak eta protokoloaren jarraipen batzordean biltzen diren eragileen inplikazioa eskertu du.

Bi tailer datozen asteetan

Horrekin batera, bizilagun gisa, genero-indarkeria kasu baten aurrean nola jokatu jakiteko, bi tailer antolatu dituzte datozen egunotarako Ibarrako plazako gune estalian.  Urtarrilaren 18an euskaraz eta otsailaren 1ean gaztelaniaz, bi egunetan, 19:00etan hasita. "Sortzen elkartekoak etorriko dira azalpenak ematera, gai hauetan jantzita daude, eta kasu bat antzematen dugunean ondo nola jokatu azalduko digute. Diskrezioz nola jokatu, zurrumurruak nola ekidin... Giltza batzuk eskuratuz gero, asko egin dezakegula uste dugu".

Kanpaina aurkezteko agerraldian Politika Feminista eta Aniztasun zinegotziarekin batera egon dira Nagore Zubillaga Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia, Kristina Martinez Hezkuntza eta euskara zinegotzia eta Igor Zapirain alkatea. Egindako lan guztia nabarmendu du alkateak eta kanpaina lagungarri izatea espero duela esan du. "Erabiltzeko erreminta bat izango da eta espero dugu baliagarria izatea eta hemendik aurrera denen artean elikatzen joatea".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!