Belaunaldi guztietan gertatzen den bezala guztiok ez gara berdin lotu gaztetxearen lan-dinamikara, batzuk asko inplikatu izan dira eta beste batzuk, mota askotako arrazoiak medio eta ez soilik adinagatik, gaztetxearekiko eta asanbladarekiko ez dute ia inplikazio eta erantzukizunik garatzen. Horietako gehienek prozesu natural baten bitartez eman dute bigarren plano baterako pausua, baina gertatu izan da ere garai ezberdinetako gaztetxeko kideek, gaztetxearentzat onena hori zela iritzita, zenbait pertsonei albo batera geratzeko beharra adierazi edo ulertarazi izana.
Azken urteetan ere antzeko prozesua eman da, batzuk inplikatu dira eta beste batzuk ez, baina, oraingoan, egoera muturrekoa bihurtu da eta gertaeren bilakaera ezohikoa izaten ari da. Gaztetxearen dinamikan ekarpena egiteko borondaterik ez eta, gainera, gaztetxearen jarduna oztopatzen aritu da kuadrilla bat ia bi urtetan. Asanbladari eta bere erabakiei zilegitasunik aitortu gabe jardun dute, nahi zutena egiten, eta gaztetxeko gehiengo zabalarekiko errespetu falta sistematikoak egin dituzte. Horren adibide askotariko bi dira ondorengoak: Gazte Asanbladak gaztetxea gauetan itxita mantentzeko erabakia hartu zuenean, neurri murriztaileak medio kontrakoa egiteak zekartzan arriskuak zirela eta, parrandak antolatu izan dituzte eta beste hainbatetan gaztetxekoek gaztetxea ixteko ordua zela esandakoan etxera zihoazenaren itxura egin izan dute, ondoren gaztetxera itzuli eta gaueko ordu txikietara arte bertan egoteko. Nahiz eta ez egiteko esan, behin eta berriz errepikatu dira antzeko egoerak. Errealitatea da beraien kuadrillaren aisialdi pribaturako erabilera soilik eman diotela gaztetxeari, beraien gustuko giro zehatz bat erreproduzituz eta herriko gazteen artean izaera sektario, partikular eta pribatua duen gazte lokal baten irudia proiektatuz gaztetxe batena beharrean.
Behin eta berriz beraiekin hitz egin ondoren eta, emaitzarik gabe, egoerari beste aterabide bat ematen saiatu ondoren, gaztetxeko gainontzeko kide guztiok eta, ondorioz, gaztetxearen gehiengo zabalak blokeo egoeraren aterabide bakar modura kuadrilla horri gaztetxeko proiektutik albo batera geratzeko gonbita luzatzea zela adostu genuen.
Hortik aurrera gertatutako guztiak, ordea, ezustean harrapatu gaitu eta arduraz bizi dugu egoera. Izan ere, salatu nahi dugu egoera hori eta, ondorioz, herriko gazte kuadrilla bat Ezker Abertzaleak eta Udaletxeak instrumentalizatu egin nahi duela, gaztetxearen aurka egin eta berau ahultzeko helburu bakarrarekin. Hori lortzeko beharrezkoak zaizkion gezurrak eta gertaeren gaineko errelato interesatuak herrian zabaltzen ari da gainera, arrazoi ideologikoengatik geratu direla albo batera adibidez. Badakite, ordea, Ernaik, adibidez, gaztetxea erabiltzea asanbladan ontzat eman zela. Ezker Abertzaleak eta Udaletxeak hori egitearen arrazoia, gure ustez, ondorengoa da: egun gaztetxean parte hartzen dugun gazteok ez dugu bat egiten Ezker Abertzalearekin. Beste modu batera esanda, Ezker Abertzalearen estrategia politikoaren ikuspuntutik Ibarrako Gaztetxea ez da funtzionala. Are gehiago, traba modura identifikatzen gaituztelakoan gaude.
Horren adibidetzat daukagu gai horri buruz hitz egiteko antolatu zen herri batzarrean gertatu zena. Ezker Abertzaleko zenbait militantek oihu artean eta herriko alkateak hamabost bat lagun herri batzarretik kanporatu zituzten, batzuk beraien ideologiagatik eta beste batzuk inguru edo lagunarte jakin batekoak izate hutsagatik. Beraiek hala adierazi ziguten. Gure ustez eztabaida eta elkarrizketa arrazionalak sustatzea beti da positiboa, egiarekin konpromezu etikorik izatekotan behintzat.
Ibarrako Gazte Asanblada
Hori guztia dela eta, azpian sinatu dugun eskualdeko gazte asanbladek ondorengoa adierazi nahi dugu:
1. Gaztetxeak ez ditugu gazte-lokal modura ulertzen. Gazteen arazo anitzei aurre egiteko espaziotzat ditugu eta gazteen kritikotasuna, politizazioa, antolakuntza eta gazteen arteko sozializazioa edo harremantzea bezalako auziak sustatu behar dituztela ulertzen dugu. Gazteria aktibo bat sortzea dute helburu eta ez pasiboa.
2. Gaztetxeetan beto ideologikoek ez dute lekurik. Ez gaude ados arrazoi ideologikoengatik inor gaztetxetik kanporatzearekin. Salbuespenak, jakina, ideologia erreakzionarioak dira, faxismoa esate baterako.
3. Gaztetxeen izaera ideologikoa eta jardun praktiko-politikoaren nolakotasuna bertako partaideek eztabaidaren eta arrazoien bidez erabakitakoa denean zilegia da. Gaztetxeko kideek gaztetxearekin eta bertako proiektuekin koherentea dela uste dutena egiteko eskubidea dute eta hori eztabaidatzeko eta erabakitzeko espazioa asanblada edo azken horrek adostutako beste espazioren bat dela ulertzen dugu.
4. Gaztetxeak alderdi instituzionalistetatik eta estatu-aparatu edo instituzioetatik independenteak dira eta horiek gaztetxeetan edo bere norabidean esku-hartzen saiatzea ez dugu uste egokia denik.
Ibarrako Gazte Asanblada
Tolosako Gazte Asanblada
Anoetako Gazte Asanblada
Aiztondoko Gazte Asanblada
Alegiako Gazte Asanblada