Gutuna

Herriko Gaztetxea, herriko gazteentzat

Erabiltzailearen aurpegia Aratz Sarasola eta Beñat Rubiños  eta Ibarrako beste 10 gazte 2021eko abenduaren 22a

Duela bi hilabete herriko gazte kuadrilla bat kaleratua izan zen Ibarrako Gaztetxetik. Horrekin batera giltzak kendu zizkiguten. 

Giltzak kendu izana salatzeko pankarta bat jarri genuen herritarrei gure egoeraren berri emateko asmoz. Horren ostean mehatxuak jaso genituen gazte asanbladako kideen aldetik pankarta kentzeko esanaz. Besteak beste, pankartaren aitzakiarekin gazte asanbladatik kaleratu gintuzten. 

Arazo honen jatorria gazte asanbladan jorratzen diren puntuetan datza, bertan mugimendu politiko zehatz bati loturiko puntuak lantzen baitira. Gai arrotz horren aurrean mugimendu horri loturik ez gauden gazteok ez gara identifikatuak sentitzen eta ondorioz ez ginen asanbladetara azaltzen, baina gerora, eta Gaztetxearen dinamika barrutik eraldatzeko asmoz, asanbladetara azaltzen hasi ginen. Beraiek eraso zuzen gisa hartu zuten ordea, eta ekimen horren ondotik kaleratuak izan gara bigarren aldiz eta behin betiko betoa jarri digute.

Guk ez dugu besterik eskatzen: Gaztetxea bertako gazteentzat izatea, herriko gazte guztiek baitugu bertan parte hartzeko eskubidea. Herriko Gaztetxea, herriko gazte guztientzat.

Aratz Sarasola eta Beñat Rubiños  eta Ibarrako beste 10 gazte. Ibarra

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!