Kiroldegiko saioak pantaila bidez egiteko egitasmoa jarriko dute martxan

Ataria 2021ko aza. 30a, 13:55

Pantailetako bat cycling-eko gelan jarri da.

Ibarrako Belabieta kiroldegian Telegym izeneko sistema jarriko dute, telebista bidez hainbat jarduera modu birtualean jasotzeko aukera eskainiz.

Abenduaren 9tik aurrera hainbat jarduera beste modu batera egiteko aukera eskainiko du Belabieta kiroldegiak. Telegym izeneko sistemaren bitartez, hainbat jarduera eskainiko dira, eta kiroldegiko erabiltzaileek pantaila bidez jasoko dituzte saioan zehar eginbeharrekoak. Jarduera ugari egiteko aukera izango da: yoga, cycling, tai chi, pilates, luzaketak, gap, tonifikazioa, aerobik... Saioak euskaraz eta gazteleraz izango dira.

Luis Lasa kirol zinegotziak azaldu duenez, Ibarrako Udalaren webgunean, Ibarra.eus atarian, zehazten joango dira jardueren ordutegiak: "Garbi dugu ere malguak izango garela ordutegiekin, eta jendearen eskaeren arabera funtzionatuko dugula, eginbeharreko moldaketak eginez". Bi gela egokitu dira egitasmorako, erabilera anitzeko gela eta cycling-ekoa, eta bakoitzean pantaila bat jarri da.

Ate irekien formatuarekin jarriko da martxan. Beraz, abenduaren 9tik hasita eta abenduaren bukaera arte, probatzeko aukera izango da. Urtarriletik aurrera, hiruhileko bonuak eskainiko dituzte, eta horren bitartez astero bi saio egiteko aukera emango luke, guztira hamabi saio. Bonu horrek 30 euroko kostua izango luke, eta Belabietako bazkide ez direnentzat ere zabalduko da aukera.

Telegym sistema jartzeko arrazoia, saio presentzialetan parte hartzeko zailtasunean datza. "Ordutegiak oso finkoak dira eta zaila izan daiteke horietara egokitzea", esan du Lasak. "Horrez gain, ikusita gizartea funtzionatzen ari den modua ikusita, aukera oso ona izan daitekeela klaseen osagarri moduan, edo norberak bere kasa egiteko". Nagore Zubillaga Gazteria zinegotziak gaineratu duenez, egitasmo berriarekin "herritarrek aukera zabalagoak izango dituzte. Ibarrak ez du aukerarik jarduera mota horiek guztiak presentzialki emateko aukera, baina ez ditugu herritarrak aukerarik gabe utzi nahi, eta probatu nahi dugu zer erantzun duen proposamen berri honek". Ordutegi zabalak izatea norberaren egunerokotasunera egokitzeko gaitasuna ematen duela azaldu du Zubillagak.

Egitasmoa martxan jartzearena udalak aurretik pentsatuta zuen zerbait zela azaldu dute. "Eskaintza zabalago bat eskaini nahi genuen, eta kiroldegiko kudeaketaren esleipena berritzea tokatu zenean, enpresa kudeatzaileari eskatu zitzaion proiektua kudeaketaren barruan sartzeko", zehaztu du Zubillagak. "Hori horrela, egitasmoaren aurrekontu zehatza ez dakigu, kudeaketa zerbitzu osoaren barruan dagoelako".

Telegym sistemaren bitartez emango diren jarduerak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!